Altxorraren bila

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2019ko mai. 12a, 06:57

Diotenez, pentsatzea multzokatzea omen da. Zuhaitz bat, zuhaitz bat, zuhaitz bat… pentsatzen duenak hiru zuhaitz esan lezake. Eta alboan lorea baldin badago, lorea eta zuhaitza bereizi.

Naturala da, baina, horrek ni eta bestea bereiztea dakar; gu eta besteak. Eta hor, multzo bat bestea baino gehiagotzat hartzeko joera dago: oinez dabiltzanak gurpildun aulkikoak baino, argalak lodiak baino, azkarrak motelak baino…

Eguneroko milaka hartu-emanetan, batzuetan bestea gehiago dela sentitzeko joera dugu; gutxiago besteetan. Hartu-eman hori ez dugu berdinetik berdinera ikusten. Batzuetan, gehiago ematen OMEN dugu; hartu, besteetan.

Txikitatik berezia izan naiz. Ez dut talde askotan nire espazioa aurkitu. Horrek, ez dudala ezer ematekorik pentsatzera eraman nau* ; talde askotatik urrundu; eta mila mobidatan sartzera behartu. Baina, benetan zintzotasun ariketa bat eginez: besteei demostratzeko gehiago egin dut, neure buruari baino.

Euskaldunak, emakumeak… gutxiagotuak gara, eta hori politikoa dela salatu behar da! Eraikia. Baina, aldi berean: zergatik nahi dut besteek onar nazaten?

Zergatik behar dut gazteleraz hobeto egiten duen bat euskaraz hastea, ni berarekin euskaraz hasteko (eta ez alderantziz)? Zergatik behar dut gelakideek, futbolean taldeak egiterakoan, ni azkenerako ez uztea (berdin-berdin jokatuko dudanean)? Zergatik behar dut…? Nire dohainen jakitun ez naizelako? Nik neure buruari baloratzen ez diodana, besteek nigan baloratzea nahi dut .

Ez al da errazagoa norbera aldatzea, besteak aldaraztea baino? Azken hiru urteak besteak aldarazten pasatu ditut, jakin gabe, benetan, arazoaren irtenbidea**  nire baitatik hasten dela. Barka iezadazue!

Gutxiagotu orori, zuen altxorraren bila hasteko gomendatzen dizuet. Txikitan bezain liluragarria da jolasa. Eta, behin zure altxorra aurkituta, beste batzuek ere ikusten dutela jabetzen zara.***

 

* Zerbait ezberdina dudala emateko pentsatu beharrean.
** Irtenbidea nire baitan egoteak ez du esan nahi arazoa nire baitan hasi denik. Normalean botere-harreman baten ondorio izan da. Baina, errekaren iturburura joatea baino, errazagoa da nire etxeko uraren giltza ixtea. Eta horrek, gutxiagotasun guztietarako balio du, iturburu guztietarako.
*** Hori bai, txikitan bezala, bilaketa zuk egin behar duzu. Baina bidean ez galtzeko, hobe bakarrik ez abiatzea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!