Kirgizistanera bidaiatzeko aukera, gaur, Amezketako Mendi Astean

Ataria 2019ko maiatzaren 8a

Amezketako Buruntzunzin Mendi Elkarteak hitzaldi eta ikus-entzunezkoez osatuta duen egitaraua erdira iritsi da, eta gaur eta etzi izango dira azken bi ikus-entzunezkoak.

Aurreko asteburua, Buruntzunzinen bertan pasa dute, eta Elurretako lehoinabarra dokumentala eta Iban Gurrutxagaren musika emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten.

Astelehen eta astearteko ikus-entzunezkoekin, berriz, Laponia eta Madagaskar ezagutu dituzte. Baina oraindik ere bada zer ikusi eta zer ikasi:

MAIATZAK 8, ASTEAZKENA

Denbora izeneko leku bat ikus-entzunezkoa, 19:30ean, kultur etxeko areto nagusian. Kirgizistanera bidaiatu du aurten Joseba Iztueta gabiriarrak, Lenin eta Khan Tengri mendiak igotzeko helburuz. Bakarkako saioan igo ditu biak, eta lan honek bidaia horretako gogoetak, sentsazioak eta irudiak jasotzen ditu. Emanaldiak zuzeneko musika eta narrazioa eskainiko ditu.

MAIATZAK 10, OSTIRALA

Iker. Mendia. Etxe. 19:30ean, kultur etxeko areto nagusian. Iker Karrera amezketarraren kirol ibilbideari buruzko bideo emanaldia eskainiko dute Buruntzunzin Mendi Elkartearen eta Amezketako Udalaren eskutik.

MAIATZAK 11-12

Pirinioetara irteera. Larunbatean 15:00etan aterako da autobusa Beartzanako aparkalekutik. Gaua Lizarako aterpetxean pasako dute eta igandean 20:00etarako itzuliko dira Amezketara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!