Hitzaldi, proiekzio eta mendi irteerak, mendizaleen gozamenerako

Bihar hasiko da Amezketako Mendi Astea, eta maiatzaren 11 eta 12ko mendi irteerarekin emango diote amaiera.

Mendia gustuko duenak izango du, datozen egunetan, gehiago gozatzeko aukerarik. Amezketako Buruntzunzin Mendi Elkarteak hitzaldi eta ikus-entzunezkoez osatutako egitaraua osatu du, bihartik hasi, eta maiatzaren 12ra bitarte.

Buruntzunzinen bertan izango da lehen emanaldia, eta asteburua bertan pasatuko dute. Mendi astean zehar, emanaldi guztiak kultur etxeko areto nagusian izango dira, 19:30ean, eta Pirinioetan amaituko dute astea; maiatzaren 11tik 12ra egingo dute irteera.

EGITARAUA

MAIATZAK 4-5

Elurretako lehoinabarra dokumentala eta Iban Gurrutxagaren musika emanaldia, Buruntzunzinen. Xabier Ormazabal urretxuarrak Sobietar Batasuneko 5 gailur altuenak igo eta Elurretako Lehoinabarra titulua lortu zuen lehenengo euskalduna izan zen 2003an. 2004an Himalayako zortzimilakoak zituen helburu; Shisa Pagma igo ondoren Cho Oyu gailurra egin eta beherako bidean zendu zen. Bere anaia Andoni Ormazabal joango da anaiaren ibilbidea erakusteko egin duen dokumentala eskaintzera. Afalondoren izango da bideo emanaldia eta horren ondoren, Iban Gurrutxagak musika emanaldia eskainiko du. Buruntzunzinen bertan pasako dute gaua eta plaza mugatuak izango dira.

MAIATZAK 6, ASTELEHENA

Arrastoan ikus-entzunezkoa, 19:30ean, kultur etxeko areto nagusian. 1974an, sei lagunek eski zeharkaldia egin zuten Laponian, aitzindariak izanik. Pablo Dendaluze, Josu Iztueta, Aitor Ossa eta Iker Iriarteri ideia ezin hobea iruditu zitzaien beraiek ere hara joan eta lurralde hura, hango jendea eta bizimodua ezagutzeko. Abentura haren nondik norakoak eskainiko dituzte.

MAIATZAK 7, ASTEARTEA

Tsaranoro, Madagaskar eskalada aitzaki ikus-entzunezkoa, 19:30ean, kultur etxeko areto nagusian. Tsara eta Noro, ara erregearen bi alabak, Tana erregeak hil zituen pareta eder hauen azpian zegoen baso sakratuan. Hortik datorkio Tsaranoro izena. Afrikako Yosemite bezala ezagutua, Tsaranoro harana Madagaskar irlaren erdigunean kokatzen da, eta bertan aurkituko ditugu granitozko Afrikako pareta handienak.

MAIATZAK 8, ASTEAZKENA

Denbora izeneko leku bat ikus-entzunezkoa, 19:30ean, kultur etxeko areto nagusian. Kirgizistanera bidaiatu du aurten Joseba Iztueta gabiriarrak, Lenin eta Khan Tengri mendiak igotzeko helburuz. Bakarkako saioan igo ditu biak, eta lan honek bidaia horretako gogoetak, sentsazioak eta irudiak jasotzen ditu. Emanaldiak zuzeneko musika eta narrazioa eskainiko ditu.

MAIATZAK 10, OSTIRALA

Iker.Mendia. Etxe. 19:30ean, kultur etxeko areto nagusian. Iker Karrera amezketarraren kirol ibilbideari buruzko bideo emanaldia eskainiko dute Buruntzunzin Mendi Elkartearen eta Amezketako Udalaren eskutik.

MAIATZAK 11-12

Pirinioetara irteera. Larunbatean 15:00etan aterako da autobusa Beartzanako aparkalekutik. Gaua lizarako aterpetxean pasako dute eta igandean 20:00etarako itzuliko dira Amezketara. Prezioa (bidaia, larunbateko afaria, lo egitea eta igandeko gosaria): Heldu federatuek, 29 euro; heldu federatu gabeek, 34,60 euro; 14 urtetik beherako federatuek, 23,20 euro; 14 urtetik beherako federatu gabeek,27,80 euro. Izen ematea Ametzan, Arkaizpen, Beartzanan eta Sasturainen egin daiteke eta gaur izango da apuntatzeko azken eguna.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!