Amezketa ikusten da

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mar. 28a, 11:59

Amezketa herriak liburu asko ditu, eta aurten, labetik atera berria dute hezkuntzari lotutakoa. Ikastolatik Zumadira liburua idatzi dute, eta lan horretan aritu dira, besteak beste, Zuriñe Arsuaga eta Nerea Martinez gaur egungo irakasleak; Joxepi Saralegi, Antton Amondarain eta Feli Etxeberria hezkuntzari lotuak; eta Joxe Mari Otermin idazlea. Apirilaren 6an emango dute ezagutzera, festa eginez, eta herri bazkari handi bat eginez borobilduko dute eguna.

Amezketako ikastola sortu eta urte pare batera sartu zen, Joxepi Saralegi amezketarra, irakasle lanetan. «Zoritxarrez, gaur alboan ez dugun Koro Zabala eta biok beti izan genuen gogoa zerbait egiteko. Biok ikastolako azken irakasleak izan ginen eta, hainbeste lan egin ostean, ez geneukalako ezer jasota eta idatzita», azaldu du. «Hainbeste bilera, joan-etorri, dirua atera beharra,... Nonbait idatzita utzi behar genuela esaten genion elkarri, baina momentu hartan ez genuen denborarik, eta ezta ahalmen handirik ere, idazten hasteko», gaineratu du. Eta beti hor izan zuten kezka hori.

Duela pare bat urte, Ordiziako ikastolak 50 urte bete zituela eta, liburu bat atera zuten. Bertako partaide izan zen Antton Amondarain, Legorretan jaioa izanagatik, Amezketan bizi dena: «Hortik emozionatuta edo, eta beste herri txiki batzuek ere idatzia dutela eta, berriz ere, gai horri heldu genion», kontatu du Saralegik.

Garai hartako ikasle ohiekin hitz egin zuten, eta aurrera egiteko indarrak eman zizkieten. Eta, oraingoan, topo egin zuten lana bideratuko zuen Amondarainekin. Berak koordinatu du liburua. Era berean, Amezketako Udalaren parte hartzerik gabe, lan hori aurrera eramatea ezinezkoa izango zitzaien: «Udalak aspaldi ireki zuen bide bat, Joxe Mari Oterminekin, herriaren historia herriratuz, kanporatuz, ezagutaraziz eta denok jakitun eginez», azpimarratu du Amondarainek.

Ezer idatzirik ez egotearekin, informazioa bilatzea asko kostatu zaiela adierazi dute. «Garai hartan lan egin zuen jende asko falta da, eta haien testigantzak garrantzitsuak izango ziren. Berandu hasi gara lan egiten», gehitu du Saralegik. Bizirik dauden, eta garai hartan ikastolari lotuta zeuden herritarrekin hitz egin dute, informazioa eskuratzeko.

1966-1967 ikasturtean sortu zen ikastola, eta Koro Zabala izan zen ireki zuena. Atzetik, Izaskun Zubeldia sartu zen eta, jarraian, ikasketak amaitzean, Joxepi Saralegiri gonbidapena egin zioten, eta ez zuen zalantzarik izan ikastolan hasteko. 1. eta 2. mailako 12 ikasleko gela izan zuen. Guztira, ikastolaren ibilbidean 65 ikasle izatera iritsi ziren. 3. mailara bitarte zituzten klaseak, eta 4. maila egitera kanpora joan behar izaten zuten.



Liburua ikastolaren historian kokatzen hasi baziren ere, testuingurua zabaldu egin zuten hiru zutabetan banatuz. Eskola zaharraren ezaugarrietan sakondu dute, lehenik eta behin, Feli Etxeberria eta Joxe Mari Oterminekin. Ondoren, 1960ko hamarkadako ikastolaren mugimendu iraultzailea Saralegik kontatu du, parte izan baitzen. Hirugarren zutabean, gaur egungo Zumadi eskola publikoa kokatu dute. Kasu horretan, Arsuaga eta Martinezek hartu dute parte eta, orain, eskola hori dute, indartu eta bultzatu beharrekoa, herrian.

ESKOLA ZAHARRA

1693an hasten da Amezketako eskolaren historia. Oterminek gogora ekarri du: «Zorionez edo zoritxarrez, oso aldaketa gutxi izandako irakaskuntza mundua izan zen, eta Feli eta biok izango gara, neurri batean, eskola horren azken muturra».

Atera duten lehen ondorioetako bat «ez zela oso harreman goxoa izan» da. Amezketan, eskola munduan sinesten ez zuen jendea izan zela ekarri du gogora Oterminek: «Nire garaian bazen jendea, esaten zuena: 'Eskolan ibili, hortik etorriko da hondamendia'. Horrela pentsatuta, jendeak ez zuen izugarrizko ahalegina egiten umeak eskolara joan zitezen». Gaineratu du, Amezketan, XIX. mendearen bukaeran, irakasleari bonba bat jarri ziotela, eta Amezketatik bueltan Lazkaon hil zela.

Maisu-maistra erdaldunak; 7 edo 14 urtekoak, guztiak eskola berean; alboko gela batean, gerra osteko armak ezagutu zituzten. Francoren irudia oso bizirik, eta piper egiteko erraztasuna izaten zuten eskola moduan definitu dute: «Haurraren pikardiaz edo etxeko beharrek eskatzen zutelako egiten zen piper».

Horren kontra ahalegintxo bat egin zela azaldu dute, Gau eskolen bitartez. «Espainia sartu nahi izan ziguten alde guztietatik, eta uste dut ez geneukala guk hori hartzeko baldintza handiegirik. Hizkuntza ez genekien, eta ulertzen ez genituen abestiak abestuarazten zizkiguten». Artean, argitu dute erlijioa ere oso bizirik zegoela eskolan.



Amezketa eskolari bizkar emanda bizi izan bada ere, era berean, eskolari lotuta egon da, eta sentsibilitate handiko irakasleak izan direla ere nabarmendu nahi izan dute: Bernardo Gorostieta, Julian Agirrezabala, Peio Aierbe, Feli Etxeberria...

Azken horrek ikastola munduan egin du lan handia, eta herrian bertan ere izan zen irakasle. Baina, eskola zaharra ere bizitu zuen, «beldur handiz». Amezketa landa eremuko herritzat du, eta hiru bizimoduz irudikatzen du: artzaintza, baserria, baina, baita industria duena ere, papergintzarekin. «Baserritarrak ginen, baina gu baino pobreagoak ziren artzainak, mendira joan behar izaten zutelako. Eta aberatsenak, berriz, fabrikara lanera joaten zirenak ziren guretzat. Diruaren presentzia zuten etxean», egin du gogoeta, atzera begiratzean. Idealizazio horrekin, herriko mailaketaren argazkia atera du. Eta, gehitu ditu aberatsagoak zirenak: komertzioa zutenen umeak, idazkariarenak, medikuarenak, okinarenak...

«Umeak mezu asko jasotzen ditu, eta batzuetan ez gara jabetzen, zuzenean ez, baina zeharka, heziketa dagoela, eta baloreen transmisioa ematen dela», azaldu du Etxeberriak. «Lehen ezintasuna transmititzen zen modu guztietara, eta orain ikasle guztiei esaten zaie ahal dutela». Elizak zuen indarra ere ez du aipatu gabe utzi nahi izan.

Baina, umeen artean diferentziak egiten zirela azaldu du. Sailkapen bat. Eta, gaur ere, nahi gabe, horrela gertatzen dela uste du, eta irakasleen eta gurasoen artean ere transmititu egiten dela: «Hausnarketa handia egin beharra dagoela uste dut. Seinalatu egiten ditugu umeak, eta dibertsitatearen barruan hezi behar ditugu». Harro gogoratu dute, garai hartan, eskola aurrea izan zutela Amezketan. Herriko irakaslea izan zuten, eta euskaraz hitz egiten zuten.

Aldiz, behin eskola zaharrera joanda gaur egungo udaletxean bi mundu oso ezberdin irudikatu ditu Oterminek: emakumezkoena eta gizonezkoena. Gizonezkoenean indarkeria eta beste hainbat gauza bizitu zituen. Baina, Etxeberriak ere ez du oroitzapen onik bere irakasleaz: «Gogorra zen bere ahotsa, bere fisikoa, eta zigorra ezagutu nuen». Beldurra ematen zion, eta euskaraz jakinagatik ez zuen hitz bat ere egiten. Aldamenean zituzten mutilak ikusi ere ezin zituztela egin ere adierazi du.

Aldaketak espero zituen eta, libururako elkarrizketak egitean, 15 urte gazteagoek ere eskola bera bizitu zutela konturatzea, ezustekoa izan da Feli Etxeberriarentzat. Ikasleak irakasle bilakatzen zituztela ere ekarri dute gogora, eta idazten edo irakurtzen ez bazuten ikasten, ikaskideak jo behar izaten zituzten, 'pedagogia solidarioaren' izenpean.

Aldiz, Joxepi Saralegik ez du halako oroitzapen txarrik. Izan dira, nahiz eta ezer ulertu ez, harremanetarako onak ziren irakasleak ere. Ez zituzten jotzen, eta enpatia zegoen. Eta, azpimarra jarri diote, hezkuntzan dabiltzanek izan behar duten enpatia horri.

ESKOLA BERRI BATEN BEHARRA

1960ko hamarkadan aldaketa orokor bat iritsi zen, eremu guztietara, eta Amezketan ere gertatu zen, Oargi izeneko elkarte bat sortuz. Helburua gazteak elkartzea zen, eta euskararen alde lan egitea.

Donostian irakasle euskaldunentzako erresidentzia bat zegoen, bertan egoteko eta euskaraz prestatzeko. Herri txikietako euskaldunak elkartzen zirela azaldui du Etxeberriak eta, magisteritza bukatzean, irakasle ezberdinak izan nahi zutela. Euskaraz irakatsi nahi zieten herri txikietako ikasleei. Baina, hasiera hartan, gurasoek esaten zieten, «euskaraz bazekitela umeek, eta gaztelaniaz irakatsi behar geniela». Eskola ezberdin bat egin nahi zuten eta, bide horretan, Elbira Zipitria izan da, aipatu gabe utzi ezin duten emakumea. Berarengandik gauza asko ikasi zituztela dio Etxeberriak.

Frankismo garaia zela ekarri du gogora, Antton Amondarainek, eta 3-4 pertsona baino gehiago ezin zirela elkartu. Baina lozorrotik esnatzen hasi ziren herritarrak, eta elizaren bi erakunde baliatu zituzten: Oargi eta guraso elkartea.

Bi erakunde horietatik heldu zioten ikastolaren gaiari eta, ezer asko jakin gabe, 1967an ireki zuten ikastola. Legearen aurka, eta euskaraz irakastera zihoazen. Baliabide ekonomikorik gabe.

Liburuaren aitzakian, ikastola martxan jartzea ahalbidetu zuen guraso taldea omendu nahi dute. Eta baita, beste eskola bat eduki arren, beren seme-alabak ikastolara bidali zituztenak ere: «Ausardia ikaragarria izan zuten». Legea apurtzen ari ziren, eta herrian aurkako jarrera ere piztu zela esan dute, herritarren artean etena sortuz: «Erreka txikitik behera balio ez duen euskararengatik». Gauza guztietan gertatzen den moduan, higadura sortu zen.

Hiru urtera, alkateak eta erretoreak itxi egin zuten ikastola. Gurasoak kikildu, eta haurrak galdu zituen ikastolak. Laugarren maila egitea ere ezinezkoa zuten Amezketan, eta Goierrira bideratzen zituzten ikasleak. Ordiziako Jakintza ikastolak eman zien babesa. Eta elizaren papera nabarmentzekoa izan zela diote, ikastolak babestu zituelako. Eta, Amezketan ere, hamabost egunera, eskolekin jarraitzeko baimena eman zuen, sakristian. Guraso elkartearen presioa jasoko zuela diote, eta «emakumeak bildu omen ziren erretorearekin», dio Amondarainek. Legez kanpoko egoeran ezin zuten denbora askoan jarraitu, eta normalizatzeko bidea hartu zuten.

Urte batzuk geroago, Ugarteko eskola ixtearen arriskuak herritarrak piztu zituen. Eta, berriz ere, gaur egungo eskola izango dena egituratzeko herri mugimendua martxan jarri zuten, Ugarteko eta Abaltzisketako haurrak ere Amezketako eskolara bideratuz.

1979-1980 ikasturtean gertatu zen, eskola nazionalaren eta ikastolaren elkartzea. Herriari lasaitasuna eman zion, eta harremanak ere normalizatu ziren. Aurretik, ordea, Saralegik gogoan du: «Guadalupe Altuna irakasle euskaldun bat etorria zen eskola nazionalera eta, guraso batzuen bidez, gauza puntualak elkarrekin egiten hasiak ginen, elkartzea aurreikusten ez zen garaietan».

Zumadi eskola sortzean, zubi lana egitea egokitu zitzaien Joxepi Saralegi eta Gaudalupe Altunari. Eta, gaur egun, Martinezek eta Arsuagak, eskola osasuntsu dagoela azpimarratu dute. Talde txikiak eta lanerako baldintza onak dituztela. Talde lana oinarrian, giro ona dagoen eskola moduan definitu dute guztiek.

Liburuan datu asko bildu dituzte, sentsazioak eta sentipenak. Hezkuntzatik eta irakaspenetik, baina hori guztia Amezketa da. Amezketa ikusten da.

APIRILAK 6, LARUNBATA

12:00. Ikastolatik Zumadira liburuaren aurkezpena, kultur etxean.
Jarraian. Ikastolaren sortzaileei omenaldia.
14:30. Bazkaria, frontoian. Txartelak: Zumadi eskolan edo Amezta, Arkaizpe, Beartzana eta Sasturain tabernetan, 25 euroan. 12 urtetik beherakoek doan (hala ere txartela hartu behar dute).
Erosteko azken eguna: martxoak 31.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!