Dagoeneko 38 amezketarrek egin dute bazkidetza

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko mar. 27a, 19:57

Hilaren 18an zabaldu zen Amezketako gimnasioa, kultur etxeko lehen solairuan egokitutako gelan. Makina berri-berriak jarri dituzte herritarren eskura, eta oraindik material guztia iritsi ez bada ere, bidean direla argitu dute udaletik.

Ireki zenez geroztik, interesa piztu du gimnasioak, eta dagoeneko 23 amezketarrek egin dute bazkidetza, eta eskuratu dute giltza inteligentea. Honela, gimnasiora nahieran sartzeko aukera dute. Beti ere, 06:30etik 22:00ak bitartean erabili ditzakete instalakuntzak. Horiez gain, beste 15 amezketarrek eskatu dituzte inprimakiak bazkide izateko.

Gimnasioa, Amezketako Udaleko erabilera anitzeko zentroan dago, hau da, kultur etxean, eta eraikina herritarren erabilerara irekitzeko egitasmoaren barruan kokatu behar da; erretirodunen txokoa zabaltzearekin eta liburutegia ikasteko gela bezala erabiltzearekin batera.

Amezketako Udalak, egitasmo honetarako, 2018an, 72.947,65 euroko aurrekontua izan du, eta Eusko Jaurlaritzatik 23.965,83 euroko diru laguntza jaso du. Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapeneko Programaren esparruan onartutako Leader programaren barruko diru laguntza da.

Herritarrek ordaindu beharreko kuotak ere zehaztu dituzte. Urteko kuota 60 euroko izango da, eta 65 urtetik gorakoentzat, 30 euro. Hiruhileko bazkidetza egiteko aukera ere eskaini dute, eta kasu honetan, 20 euro ordaindu beharko da. Aldiz, 65 urtetik gorakoek 10 euro ordaindu beharko dute gimnasioa erabiltzeagatik.

Hasiera batean, bazkidetza 18 urtetik gorako amezketarrei zuzenduta dagoela nabarmendu dute udaletik. Hala ere, udalak inguruko herritarrei edo 16-18 urte bitarteko pertsonei gimnasioa erabiltzeko aukera zabaltzen dien aztertuko du.

Lehenik eta behin, gimnasioaren erabilera aurrera nola doan ikusi eta baloratuko du udalak, eta erabilera horrek erakutsiko dio zein den espazioaren gaitasuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!