Txapelketa handi bati agur esan beharra

Tolosaldeko Ataria 2019ko mar. 24a, 20:24

Amaitu da binakako txapelketa Jokin Altunarentzat. Gaur, Donostian, 22-10 galdu dute Elezkano II-Rezustaren aurka. Hauek izango dira Irribarria-Zabaletaren aurkako finalean.

Binakako txapelketa ez zuten ondo hasi Altuna III-Martijak. Jokoz ez ziren fin ikusten, baina hala eta guztiz ere, lehen bi partidak irabaztea lortu zuten. Ondoren etorri zen jokoaren eta emaitzen arteko adostasuna. Lehen itzuli osoan ez zuten beste partidarik irabazi. Bigarren itzulia, beraz, bi punturekin hasi zuten. Finalerdietan sartzeko langa 7-8 garaipenetan zegoen. Jokoan goraka hasi ondoren, markagailuan ere gauza bera egin zuten. 22ko emaitzak bata bestearen atzetik etorri ziren, eta ligaxkako azken jardunaldira aukerekin iritsi ziren. Iñaki Artolaren kaltetan sailkatu zen Jokin Altuna finalerdietara, eta hor, edozer gauza egiteko gai zirela erakutsi zuten bigarren itzulia kontuan hartuta. 

Lehen kolpea Irribarria-Zabaletaren aurka hartu zuten Altuna III-Martijak. Ondoren, Victor-Albisu gainditu zituzten, eta berriro ere azken jardunaldira bizirik iritsi ziren. Irabaziz gero, finala jokatuko zuten. Aukera hori izate hutsa, txapelketa handi baten isla da. Atano III.an, ordea, gauzak ez dira batere ondo atera. Goitik behera nagusitu dira Elezkano II.a eta Rezusta. 6-0eko hasiera erabakigarria izan da. Hortik aurrera, tartea mantentzen eta zabaltzen joan dira urdinak, 22-10era iritsi arte. Altuna III.ak lau tanto egin ditu, lau pilota galduz; Rezustaren zenbaki berdinak. Martijak tanto bat egin eta pilota bat galdu du. Gustura ibili dena Elezkano II.a izan da, 13 tanto eginaz eta pilota bakarra galduaz.1.600 ikusle elkartu dira Donostian.

Orain, buruz buruko txapeldunari txapela defendatzea tokatuko zaio; hurrengo txapelketa banakakoa izango baita.

Erik Jakak albiste pozgarriak ematen jarraitzen du

Gaur arratsaldeko pilota jaialditiko lehen partidan eskualdeko bi pilotari zeuden: Xabier Tolosa anoetarra Ezkurdiarekin bikotea osatuz eta Erik Jaka lizartzarra Galartzaren aurrelari bezala. Jakak ikuskizuna eskaini du partida horretan, 15 tanto egin eta 3 pilota bakarrik galduz. Ezkurdia aurrean zuela kontuan hartuz, garaipen horrek oraindik eta balio handiagoa dauka. Lizartzarraren jokoa benetan ikusgarria da, eta Atano III.an elkartu diren pilotazaleak txoratzen utzi ditu. Beste asteburu batez, lehen mailako pilotaria dela erakutsi du Jakak, eta ez nolanahikoa. Partida 22-16 irabazi dute.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!