Berdintasuna eta genero ikuspegia jorratzeko bigarren saioa

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko martxoaren 12a

Amezketako Udalak martxan jarri ditu Berdintasuna eta Genero Ikuspegiaren gaia jorratzeko saioak, eta bigarren saioa bihar izango da. 16:30ean, kultur etxeko bigarren solairuko erabilera anitzeko gelan elkartuko dira, eta Amezketako herritar guztiak, gizon nahiz emakume, parte hartzera animatu nahi dituzte.

Aurreko saioan ateratako ondorioak oinarri hartuta hasiko dute saioa. Zer behar dugu Amezketako emakumeok parte hartzeko? Nola sustatu dezakegu? Galdera horiek abiapuntu hartu, eta Amezketari dagokion hausnarketa propioa egitea izango dute helburu orokorra. Horretarako norberak izan dituen bizipenetatik abiatuta, Amezketa herrian jarduera soziopolitikoari, herrigintzari edo herri mailari begira jarriko dira, eta indartu edo saihestu nahi diren elementu kolektiboak identifikatzeko saiakera egingo da. Ondoren, arlo ezberdinetan (antolakuntza, parte hartzea, egitaraua, zaintza edo indarkeria sexista) garatu nahiko litzatekeena kokatu, eta lortzeko estrategiak marrazten hastea izango dute helburu.

Guzti hau bideratzeko, Emagin ikerkuntza eta formakuntza feministako elkarteko ordezkaria bertan izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!