'Txori bat leihoan' erakusketa inauguratu berri duzu Donostiako Tabakaleran. Zein motatako erakusketa da?
Kutxa Kulturren laguntzarekin Katapulta plataformak antolatu duen erakusketa da, eta beraiengandik jaso nuen proposamena. Orduan, neure buruari galdetu nion zer motatako erakusketa ikustea gustatuko litzaidakeen, hau da, beste norbaiten lana ikustera joandakoan nolako erakusketa ikustea gustatzen zaidan. Horren arabera, bozeto liburuak aukeratu ditut. Prozesua, eta nire koaderno pertsonaletan nola lan egiten dudan ikusten da. Bestetik, azken urteetan egin ditudan liburuetako originaletatik aukeraketa bat egin dut.
Ostegunean izan zen irekiera. Nola joan zen?
Ondo. Kosta egiten zait, baina azkenean nire lanaz hitz egin nien. Erakusketa nola dagoen banatuta azaldu, eta banan-banan lan edo panel bakoitzaren aurrean azalpenak eman nizkien.
Zer da ikusten dena?
Bozeto liburuak. Egunero poltsan erabiltzen ditudanak. Bidaia koaderno bat ere izan daiteke. Etxean, paper ezberdinak oinarri hartuta, moztu eta collageak egiten ditut, abiapuntu hartuta lanean jartzeko motibo bat dira. Besteen lanetan ere hori ikustea gustatzen zait. Bestetik, bost liburu aukeratu ditut, eta bertako lan originalak ikusi daitezke. Mexikorako egindako liburu batekoak, Elkarrerako egindako bi liburutakoak, eta baita literatura klasikoko beste bi liburutakoak ere.
Beraz, egindako lanen aukeraketa bat da.
Bakarrik hasieran ikusten den irudi txiki bat egin dut erakusketa honetarako. Tituluari erreferentzia egiten diona da. Ideia hori azaltzeko egin dudan bozeto txiki bat da, eta lehen panelean ikus daiteke. Erakusketaren bidea hasteko izango litzateke.
'Txori bat leihoan' izena jarri diozu. Zergatik?
Liburu, ideia edota proposamenen bat jasotzen dudan bakoitzean, gustatzen zait, ahalik eta denborarik gehiena buruari bueltak emateko izatea. Pentsatzen zaude, baina marrazten hasi gabe. Hor, gakoa emango didan ideia noiz etorriko zain egoten naiz. Eta ideia hori txoria izango litzateke.Testu txiki bat idatzi dut nire prozesua nola den azalduz. Metafora hori erabili dut, txoria eta leihoa. Leihoa begia izango litzateke. Lehenengo ideia hori, zeina abiapuntua izango den proiektu guztirako.
Erraz osatu duzu erakusketa?
Buruhauste batzuk eman dizkit, baina gauzei buelta asko ematea gustatzen zait. Denborarekin egin dugu lana, eta hain neukan garbi zer nahi nuen, hori dela erakutsi nahi nuena.
Zer erakutsi nahi izan duzu bada?
Ilustratzailearena oso lanbide ezezaguna dela oraindik ere esango nuke. Askotan galdetzen didate zer dan egiten dudana. Bada, erakusketa honek balioko balu jendearengana iritsarazteko zer den gure lana, zer suposatzen duen... Asmoa, gure mundu txiki hau helaraztea da. Horixe izango litzateke. Ikusiz ulertu daitekeelako nola egiten dugun lan. Norberaren lan egiteko modua zein den... Askotan bakoitzak bere etxean egiten du lan, freelance moduan, eta lanbide bakarti samarra da, orduan, lana erakusteko honelako aukerak izatea ona da. Ondo daude.
Lanbide erraza da?
Ez. Askotan freelance moduan egiten dugu lan, eta beti proiektuak aurkitu behar dituzu. Zalantzan zaude lanak iritsiko diren edo ez. Ez da jarraikortasuna duen lan bat. Askotan ez dakizu hurrengo hilabetean zer lan izango duzun. Alde ona ere badu, eta asko gustatzen zait, aurrera begiratu, eta neure buruari galdetzea «zer iritsiko ote zait hurrengo hilabeteetan?». Poza ematen dit, baina aldi berean, antolatzeak lan handia ematen du. Gauza askotara iritsi beharra daukagu. Promoziorako webgunea edota fakturak ere guk egin behar ditugu, eta gauza batzuetan erren egiten dugu.
Ate asko jo behar dituzu?
Ni pozik nago. Iristen dira lanak. Eta tarte txiki bat baldin badut ere, beti dago zerbait egin nahi dudana. Buruan bueltaka darabilkidan hori egiteko denbora orduan iristen da. Proiektu pertsonal bati heltzeko aukera da, edo enkargu bat izan gabe ere, baten batek luzatutako ideiarekin hastekoa. Edo sentitu dudan behar batetik lanean hastea da. Geldirik sekula ez nago.
Zer darabilzu eskua artean?
Iaz Eusko Jaurlaritzaren sormenerako beka bat lortu nuen, eta album ilustratu bat aurkeztu nuen anaia Mikelekin batera. Bere testuak eta nire ilustrazioak. Horrekin ari gara bukatu nahian, eta Elkar argitaletxearekin argitaratuko dugu udazken hasieran edo.