Berdintasuna eta genero ikuspegia lantzeko saioa, bihar

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ots. 19a, 11:58

Amezketako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin, saio bat antolatu du, biharko. Amezketako gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta genero ikuspegia jorratzeko baliatuko dute.

Herritar guztiak, gizon nahiz emakume, gonbidatu dituzte saioan parte hartzera. Kultur etxeko aretoan izango da, 17:30ean.

Saioaren helburua, zehazki, Amezketan berdintasuna nola egokitzen den eta nola egokitu beharko litzatekeen hausnartzen hastea da. Bidea egiten hasi nahi dute, eta horretarako Emagin, ikerkuntza eta formakuntza feministako elkartetik, ordezkari bat bertaratuko da. Arlo honetan aditua eta aholkularia izango da, eta gaia dinamizatzeaz gain, elkarrizketa eragin eta bideratuko du.

Udaletik adierazi dutenez, «berdintasun eta genero ikuspegiaren arloan, Amezketan sumatzen da emakumeen errealitatea txikia baina askotarikoa dela». Herria txikia izanik, «heldu eta gazteen artean mentalitatea erabat desberdina da, eta beste horrenbeste gertatzen da, landa eremuko emakumeen edo herrigunekoen emakumeen artean», esan dute. «Tradizioak pisu asko du gure herrian, eta beharrezkoa da tradiziotik haratago, errealitate hauen inguruan hausnartzen hastea; beste eredu batzuk ezagutzen hastea, genero ikuspegia itsasten joatea emakumeen talde desberdinetan, gizonezkoekin harreman motak identifikatzea, eta azkenik, zubiak eraikitzea emakumeen gizatalde hauen artean, eta baita gizonezkoen artean ere», gaineratu dute.

Beharrezko ikusi dute Amezketako emakumeak eta gizonak aktibatzeko hausnarketarekin hastea. Gerora, hausnarketa horretatik sortuko diren ekimen posibleetan beste urrats batzuk eman daitezkeela azalduz: «Espazio fisiko berezia, ekimen zehatzak, ikastaroak, gizonezkoentzako tailerrak,… baina hasiera batean hitz egiten hasi beharko dira gizonak eta emakumeak, edo gizonak euren artean, edo emakumeak euren artean», argitu dute. Eta «diagnostiko bat egiteko, animazio lan bat egiteko edota hausnarketa lan bat egiteko» baliatuko dute.

Amezketako Udalak gai hauek jorratzeko aukera sustatu nahi du amezketarren artean, eta biharko saioarekin emango dio hasiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!