Gaikako bilketa ondo egitearen garrantziaz ohartarazi du udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko ots. 13a, 19:57

Amezketako Udala kexu agertu da, herritar batzuk, hondakinen inguruan egiten duten kudeaketa txarra dela eta. Azken urteetan, Amezketako udalerrian hondakinen tratamendua hobetzeko urrats asko eman direla jakinarazi dute udaletik. Iñaki Amundarain alkateak argitu duenez, zenbait eremutan, «edukiontzi ezberdinak jarri dira gaikako bilketa sustatzeko, eta herritarrei, ahal den zerbitzu garbiena eta txukunena eskaintzeko».

Urte hasierarekin batera, edukiontzi berriak jarri dituzte, zaharrak ordezkatuz. Eta udaletik ohartarazi dute, laster, «haizeteek-eta mugitu ez ditzaten edukiontziak euskarri moduko baten gainean jarriko dira». Gainera, «aurrerantzean edukiontzi guztiak identifikatuta egongo dira, bilketa maiztasunaren berri izateko, eta sortzen den hondakinen pisua jakiteko. Honela, denok jakin dezagun zenbat hondakin eta zabor sortzen dugun», azaldu dute. Honen aurrean, hondakinen kudeaketa egokiago bat aurrera eramaten saiatuko dira.

DESEGOKI

Edukiontzi berriak jartzearekin, ordea, beste behin ere, herrian zehar, «zenbait herritarren jarrera desegokiak ikus ahal izan dira», diote. Hondakinak edukiontzietara botatzerako orduan salatu dute edukiontzi horira bota beharko liratekeen hondakinak errefuseko edukiontzian botata agertu direla, eta organikora joan beharko luketen zenbait janari eta animalien hondarrak, berriz, pixoihalen edukiontzian jaso dituztela. Bestetik, «udaletxearen behe solairuan dagoen ontzian utzi beharko liratekeen etxetresna elektriko batzuk ere, herrian zehar botata agertu dira», esan dute.

Arreta berezia merezi duen puntua ere markatu dute: San Martineko edukiontziena. «Ardi larruak eta belar bolen sokak agertu dira edukiontzietan, egon beharko ez luketen lekuetan». Jarrera hauek ez datozela bat «hondakinen bilketa txukun eta egoki batekin», kritikatu dute.

Arazo hauez gain, «kartoiak-eta edukiontzietatik kanpo ikusi dira», esan dute udaletik. «Beharbada, edukiontzi berriek, lehengoek baino zirrikitu txikiagoa dute hondakinak sartzeko, baina egungo edukiontzi berriek zuloak dituzte, mantenu hobeagoa dutelako», azaldu dute. «Herritarrek kontu handiagoa izan beharko dute aurrerantzean kartoiak tolestu eta edukiontzietan sartuz», edota berdina gertatzen da plastikozko ontziekin ere, «poltsa egokietan edo banan bana bota beharko dituzte». Azpimarra jarri dute: «Edukiontzi bakoitza zertarako den errespetatu egin behar da, guztion onerako».

ALTZARI ETA TRASTE ZAHARRAK

Amezketako Udalak, altzari eta traste zaharren bilketa berezia hilean bi alditan egiten dela gogorarazi nahi du: «Hilaren lehen eta hirugarren astelehenean traste zaharrak hondakin bilketa gunera atera behar dira, eta bilketa hurrengo egunean, asteartean egingo litzateke». Bilketa hori egin dadin, ordea, beharrezkoa da aurrez 943 67 62 16 telefono zenbakira deitzea. Eta ateratako hondakinen eta lekuaren berri eman beharko da.

Azken urteetan, Amezketako Udala, jarrera desegoki baten jakitun izan denean hitz egiten saiatu izan da pertsona horiekin: «Hitz eginez eta borondate onarekin arazoak konpondu eta zuzendu izan dira». Amezketako Udalak bidea hori dela uste du.

«Egin dezagun hondakinen sailkapena modu egokian», eskatu du alkateak. «Garaiz gaude, borondate onez denok gure apurtxoa emateko», gaineratu du, eta «gauzak bide zuzenetik bideratu, eta ematen diren praktika eta ohitura txarrak alde batera uzteko» eskatu du. Garbi du, «herritar guztien onerako izango da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!