Amezketan aguazilen lanak berregituratu dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urt. 29a, 12:57

Amezketako Udalak aguazilen zerbitzuak berrantolatu ditu, azpiegitura eta bideetako mantenu eta txukunketa hobea lortzeko.

Urtea hastearekin batera Amezketako Udaleko langile diren bi aguazilek lan ordutegi egokituagoa dute. Zerbitzuak berrantolatu eta planifikazio berri bat jarri du abian udalak, herriko kale, azpiegitura eta bideetako mantenu eta txukunketa hobeago bat lortzeko.

Herriko zenbait zerbitzu publiko hobetze aldera, udala, etengabe ari da giza baliabideen inguruko antolamendua hobetzen. Gizarte zerbitzuetan, gazterian, idazkaritzan,... egin ditu egokitzapenak, eta orain, aguzilek egiten dituzten funtzioak eguneratu dituzte eta baita hobeto zehaztu ere. Herrian behar diren zerbitzuak desberdinak dira, hala nola, argiteria, iturgintza edota igeltserotzako konponketak. Geroz eta espezializazio handiago eskatzen dutela adierazi dute udaletik, eta «lanak ondo banatu behar dira, gaur egun udalak dituen baliabideen eta kanpokoen artean».

EGUNEZ EGUN

Herritarrek jakin dezaten, egunero 08:00etatik 08:30era udaletxe-frontoi sarrera txukunduko dute, eta 14:30etik 15:00etara organikoaren bilketa egingo dute. Astelehenetan eskolen garbiketa, hondakin bilketa orokorra eta hirigunearen garbiketa egingo dute. Astearte eta asteazkenetan, hileko lehen astean, Sasturrain eta kanposantu inguruan ariko dira; bigarren astean, Ametza eta Zubillaga inguruan; eta hirugarren eta laugarren astean bestelako lanak egingo dituzte.

Ostegunetan, hondakin bilketa orokorraren ostean, Ugarte auzoko garbiketa egingo dute eta konposta guneen belar eremuak txukunduko dituzte. Astea bukatzeko, ostiraletan, hirigunearen garbiketa egingo dute.

Udaletik, gogorarazi nahi izan dute herria txukun mantentzea herritar guztien betebeharra eta erantzukizuna dela, «ez baita garbiagoa gehien garbitzen duena, baizik eta gutxien zikintzen duena». Era berean, abian jarri den ordutegian hobetzeko aldaketak egitea egoki ikusten badu, udalak egin egingo ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!