Jubilatuen Txokora herritarrak gonbidatu nahi dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urt. 24a, 16:27

Azarotik Jubilatuen Txoko berria martxan dute, Amezketan. Hasiera batean, eguneko zentroa izateko egin zituzten lanak, baina ez dute lortu eguneko zentro moduan irekitzerik. Beraz, Jubilatuen Txokoa bertara pasa dute.

Arratsaldeetan bakarrik erabiltzen dute momentuz, eta astean hiru egunez elkartzen dira kultur etxean egokitutako txokoan, Urko Arana dinamizatzailearekin. Erretirodunek 16:00etatik 18:00etara izaten dute dinamizatzailearen laguntza. Lehenengo ordubetean, astelehen eta ostiraletan, soinketa egiten dute, eta asteazkenetan memoria lantzen dute. Bigarren orduan, berriz, karta jokoan, bingoan,... pasatzen dute ordubetea.

65 urtetik gora dituen amezketar guztiei zuzendutako tokia dela ekarri du gogora Xatur Zabala zinegotziak, baina «adin horretako jendea oraindik ez da animatzen etortzera». 12 urte daramatzate astean bi egunez elkartuz herriko zenbait erretiratuk eta elkartzen diren guztiak 80 urtetik gorakoak direla nabarmendu du zinegotziak. Horregatik animatu nahi dituzte Jubilatuen Txokora atzetik datozenak. «Jende berria animatzeagatik hasi gara gauza ezberdinak antolatzen», dio Zabalak. Momentuz 20 bat pertsonak erabiltzen dute. «Aldaketari hartu zioten beldurra, eta telebistarik ere ez zuten nahi, baina orain telebistarekin ere gustura daude», gaineratu du zinegotziak.

 Ez dute kalkulu zehatzik egin jakiteko Amezketan 65 urtetik gorako zenbat pertsona bizi diren, baina duela ez hainbeste 80 urtetik gorako 80 pertsona kontatu zituzten. Zabalak dio 65 urtetik gorako pertsona asko daudela. Guztien parte hartzearekin txoko berria txiki geratuko litzateke. Larraitz Agirre gizarte langileak azpimarratu du, horrelakorik gertatuko balitz, goiz eta arratsaldeko erabilera emango litzaiokeela txokoari, ordutegi ezberdinetan antolatuz. Bestetik, Agirrek, herritarren ideiak jaso nahi ditu gauza berriak antolatu ahal izateko. Erretirodunei gustura zer egingo luketen galdetu nahi die: «Aukera denentzako dago. Gazteagoek beste zerbait egin nahi badute, beste zerbitzu bat izan, proposamena egiteko eskatuko nieke. Udala denetarako irekita dago». 



Jubilatuen Txokoak bizia izatea nahi dute, eta adinekoek beren tokia dela sentitzea: «Herritarrak elkartzea nahi dugu eta elkarrekin hitz egitea». Zabalak bere adibidea jarri du: «Nire amak 12 urte daramatza Jubilatuen Txokora joaten, eta iaz iktus batek eman zion eta alde bat guztiz geldituta dauka. Guretzat, eta baita berarentzat ere, baliagarria dela ikusi dugu. Arratsaldeak erraz pasatzen ditu, eta entretenimendu bat da berarentzat». Zabalak, etxean bakarrik daudenei Jubilatuen Txokoa baliatzeko eskatu nahi die. Herrigunetik aparte bizi direnentzat, berriz, udalak taxi zerbitzua du joan-etorriak egiteko. «Obligazio baten moduan hartu zuten agian, eta guk etxean dagoen hori hona etorri eta bere adinekoekin elkartzea nahi dugu. Kontuak esan ditzala», azaldu du Agirrek. Azkenean «ondo pasa, goxo egon eta barre egitea lortzen dute». Elkartera joaten diren moduan, txokora kafea hartzera joateko ohitura hartu beharko luketela diote, igandea izanda ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!