Liburutegia ikasketa gela bezala erabili ahal izango dute ikasleek

Ataria 2019ko urtarrilaren 23a

Amezketako Udalak, 18 urtetik gorako amezketar ikasle guztiei, kultur etxeko bigarren solairuan dagoen liburutegiaren espazioa ikasketa gela bezala erabiltzeko aukera zabaldu nahi die.

Udala, azken hilabeteetan, kultur etxeko zenbait espazio eta zerbitzu herrira zabaltzeko ahaleginean ari da. Liburutegia, ikasketa gela bezala erabiltzeko aukera asteko egun guztietan izango da, astelehenetik igandera, 08:00etatik, 00:00etara. Erabiltzaile bakoitzari giltza inteligentea entregatuko dio udalak, eta erabiltzaileak nahieran erabiltzeko espazioa izango du, beti ere, ordutegiaren barruan.

Zerbitzua doan izan da. Erabiltzaile izateko, ordea, udaletxean izena eman behar da inprimaki bat betez eta araudi txiki bat betetzeko konpromisoa sinatuz. Ikasleentzako onuragarria izango delakoan dago udala, eta zerbitzuari buruzko edozein zalantza argitzeko udaletxera jo beharko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!