502.000 euro bideratuko dituzte azpiegitura berriak sortu edo daudenak hobetzera

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urt. 16a, 18:53
140.000 euro erabiliko dituzte Ierabizkar errotaren berriztapena egiteko lehen faseari hasiera emateko

Amezketako Udalak 1.337.963 euroko aurrekontua onartu du, eta lau helburu edo ildo nagusi hartu ditu kontuan. Kopuruaren %37a izango da azpiegituretarako gorde dutena.

mezketako Udalak 2018ko abenduaren 28an onartu zuen 2019ari dagokion aurrekontua. 1.337.963 euroko zenbatekoa izango du, 2018an baino 1.000 euro gehiagokoa.

Diru sarreretatik hasita, sarreren %53a Gipuzkoako Foru Aldundiko Finantzaziorako Fondotik jasoko dute. %27a, udal zerga tasek osatuko dute eta %16 inguru hirigintza aprobetxamendu eta beste ondare sarreretatik eskuratuko dute.

Inbertsioei begiratuz gero berriz, %37a azpiegituretara bideratuko da. Lau helburu nagusi hartu dituzte kontuan aurrekontua egiterakoan eta lehena, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea izango da. Herriko kaleetako argiteria publikoa berriztatzeko 80.000 euro inguru inbertituko dituzte. 140.000 euro Ierabizkar errotaren berriztapenaren lehen faseari hasiera emateko izango dira. Era berean, 25.000 euro, Zumadi eskolako argindarra berritzeko erabiliko dituzte. Beltzaren plazan dagoen kirol azpiegiturak hobetzeko 50.000 euro aurreikusi dituzte, eta kale txukunketarako eta Ugarte auzoko egokitzapenetarako 30.000 euro jarri dituzte.

Bigarren helburua da Amezketako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorrari jarraipena egitea, eta 42.000 euro gorde dituzte horretarako.

Hirugarren ildo nagusia landa eremuko baserriei begirakoa da, eta 80.000 euro bideratuko dituzte, besteak beste, baserri bideak eta bestelako azpiegitura txikiak hobetzeko. Esan behar da, horietatik 10.000 euro auzolana indartzeko erabiliko dituztela.

Eta laugarren ildo moduan, udalak eskaintzen dituen zerbitzu publiko desberdinei eutsi eta hauen mantenuarekin jarraitzea izango dute urteko erronka.

Inbertsioez gain, udalak gastuak ere baditu eta %26a da pertsonalari dagokiona. Ondasun eta zerbitzuetara %29a bideratuko da, eta %5a diru transferentziak izango dira: Amezketako hainbat elkarteri edo Tolosaldea Garatzen, Tolomendi edota Tolosaldeako Mankomuniteari dagozkionak. Maileguen amortizazio eta interesek aurrekontuaren %1,9a hartuko dute.

HONDAKINAK ETA URA

Amezketako udal gobernuak, hondakin bilketari dagokionean, zerbitzuaren kostu osoa 65.000 euro ingurukoa dela gogorarazi nahi die herritarrei. Bilketa, kudeaketa eta tratamenduak 42.000 euro inguruko kostua du, eta udal langileen kostua aldiz, 23.000 euroko da. Baina azpimarratu nahi izan dute, udal tasaz aparte Gipuzkoako herrietan baxuenetakoa, 42 euro etxebizitzako, hondakinak birziklatzeagatik udalak 17.000 euro inguru berreskuratzen dituela.

Azken datu honi garrantzia eman diote, eta hori amezketarren kontzientziazioari esker dela posible argitu dute. Kudeaketa efizientea da, alegia, zenbat eta gehiago birziklatu, zerbitzua are eta merkeagoa da eta hori, orokorrean, amezketar guztien jarreragatik dela gogorarazi dute. Nahiz eta, oraindik ere tarteka, hondakinak sailkatzerako garaian jarrera desegoki batzuk mantentzen diren.

Bestalde, Gipuzkoako Ur Kontsortzioari uraren ordainketa egiterakoan udalak ordainagiriaren zati bat ordaintzen dio hobari gisa, beste herrietan ez bezala. Hobari horrek kostua du udal aurrekontuan, eta aurten 29.000 euro ordainduko ditu udalak, 2018an baino 2.000 euro gehiago.

Helburu nagusiak

Azpiegiturak. Herriko kaleetako argiteri publikoa berriztatzea; Urzabal auzoan dagoen Ierabizkar errotaren berriztapena; Zumadi eskolako argindarra berriztatzea; Beltzaren plazaren kirol azpiegitura hobetzea; kale txukunketak eta Ugarte auzoko egokitzapenak.

Plan orokorra. Amezketako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren prozesuarekin jarraitu, eta 2019an AHAPOri hasierako onespena ematea.

Landa eremua. Baserri bideak eta bestelako azpiegitura txikiak hobetzen jarraitzea.

Zerbitzu publikoak. Bizi kalitatean eragin zuzena dutenez, erretirodunen txoko berria, haurtzaindegia, laster zabalduko den gimnasioa, kontsultorioa edo pilotalekuak mantentzen eta hobetzen jarraituko da.

ZERBITZU PUBLIKOAK


Etxez etxeko laguntza eta gastu sozialak 72.812

  • Hondakinak 65.000

 

  • Gaztelekua eta udako ludoteka 44.340
  • Ur zerbitzua 29.000
  • Euskarari lotutakoak 23.200
  • Partaidetza 6.000
  • Berdintasuna 2.500

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!