Ur saneamendurako dirua lortuta, orain bidegorriaren proiektua du helburu udalak

Imanol Garcia Landa 2019ko urt. 9a, 08:00
Herrigunetik Ugartera bitarteko errepidean oinezkoek pairatzen dituzten arriskuak azaldu izan dizkiote aldundiari udaletik eta herritarren plataformatik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren arteko hitzarmenaren bidez, ur saneamenduko lanak egingo dira Amezketan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ur Kontsortzioak hitzarmena sinatu zuten abenduan, Gipuzkoako hainbat herritan uren saneamendua eta hornikuntza hobetzeko. Horietako bat Amezketa da, eta herri horretarako lehenengo fasea hitzartu zen bertan. Fase horretan gauzatuko dira Amezketako herrigunearen eta Ugarte auzoaren artean dauden isuriak jasotzeko obrak, eta inbertsioa 2.000.000 eurokoa izango da.

Egun Amezketak ez du herriko ur zikinak jasotzeko azpiegiturarik eta proiektuak gabezi hori konponduko du. Azken finean, Amezketako ur zikinak jaso eta Alegiaraino bideratzea da helburua, bertatik pasatzen den eskualdeko saneamendu azpiegiturari lotzeko. Ondoren, Adunan dagoen araztegira joango lirateke ur zikin horiek.

Obrak bi urte inguru hastea aurreikusten da. «Lehenengo fasea Amezketako herrigunetik Alegiaraino joateko da, baina osatzen den proiektuaren arabera ikusiko da zehazki noraino iristen den azpiegitura», zehaztu dute Amezketako Udaletik. «Bigarren fasea herrigunetik Ergone auzo aldera ur saneamenduaren hoditeria zabaltzea izango da, herri guztia konektatuta egon dadin. Horrek 3 milioi euro inguruko kostua izango du». Udaletik azaldu dutenez, egun saneamenduaren proiektua eguneratzen ari dira aldunditik, eta horretarako aurretik aldundiko teknikariak neurriak hartzen aritu dira.

Udalak proiektua «estrategikoa» dela azaldu du, eta gogora ekarri bidegorriaren proiektuarekin lotura duela. Izan ere, 2008an Amezketako saneamenduari eta bidegorriari buruzko proiektua izan zuen mahai gainean aldundiak, baina ez zen gauzatu. Orduan, proiektuak batera zihoazen, baina egun aldundiko barne antolamendu eta aurrekontuak arrazoi, azpiegitura bakoitza banaka tratatzen da eta horrek bidegorria oraindik lotuta ez izatea dakar.

«Egia da, eta hala aitortu dute aldundiko arduradunek hainbat bileratan, amezketarren eskaera bi azpiegiturak batera egiteko guztiz logikoa dela, momentua aprobetxatu behar dela, alegia, biak batera egiteko, baina 2008an idatzitako proiektua eguneratu behar dela diote eta finantziazioaren atala lotu», zehaztu du udalak, eta gaineratu: «Finantziazioa gai garrantzitsua dela jabetuta, bidegorria batera finantzatzeko eskaintza eskuzabala egin dio udalak aldundiari, eta bertako arduradunek begi onez ikusi dute eskaintza, pizgarria dela adierazi dute azpiegitura honen prozesuarekin aurrera egiteko».

Udalak eta herrian gai horiek bultzatzeko sortutako plataformaren ordezkariek lanean jarraitzeko «asmo sendoa» azaldu dute, «Amezketarako hain onuragarria izango den bidegorria lortzeko». Horrela, idatzi bat bidaltzeko asmoa dute bidegorriaren egitasmoan zerikusia duten aldundiko departamenduetako arduradunei, «denon arteko mahai tekniko bat osatzeko eskaera eginez eta gai garrantzitsu honetan pausoak emateko xedez», esan dute udaletik.

Bide batez, udaletik gogora ekarri dute bilera ugari egin dituztela aldundiarekin, tartean Markel Olano ahaldun nagusiarekin, saneamenduaren zein bidegorriaren proiektuak bideratzeko. Ibilbide horretan udalak eskertu du plataformak egindako lana. «Maiatzean, aldundiko zenbait ordezkari Amezketara etorri zirenean, plataformako ordezkariek amezketarren 500 sinadura baino gehiago entregatu zizkieten aldundikoei eta ahaldun nagusiari zuzenduta, saneamenduaren eta bidegorriaren aldeko egitasmoa aldarrikatzeko eta hauek egitea eskatzeko», nabarmendu du udalak.

PLAN OROKOR BERRIA

Amezketako plan orokor berria da mahai gainean udalak duen beste gai nagusietako bat. Amestu Amezketa izeneko parte hartze prozesua egiten ari dira herrian plan orokor berri hori diseinatzeko.

Orain arte egindako bidearen ondoren, talde idazleak udalari aurreko azaroan Irizpide, helburu eta hautabideak izeneko dokumentua aurkeztu zion. Dokumentu hori herritarrekin landu egin behar da, eta gero udalak bere onespena eman behar dio.

Horren ondoren, talde idazleak 16 aste izango ditu plan orokor berriaren hasierako onespenaren agiria aurkezteko. Hortik aurrera beste hainbat hilabete pasako dira planari behin betirako onespena emateko.

Orain arte egindako prozesua «ariketa oso interesgarria» dela azaldu du udalak eta herritarrei dei egin die aurrera begira egingo diren bileretan parte hartzeko. Aurreko urtean zehar egindako lanen ondorioz hiru dokumentu osatu dira. Horietako bat, aipatutako Irizpide, helburu eta hautabideak izenekoa da. Bestetik, Aurrerakina dokumentua dago, 2018ko uztailaren 26ko ohiko bilkuran onartu zena eta jendaurrean jarri zena 2 hilabeteetan zehar. Hirugarren dokumentuak Haserako Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Estrategikoa izena du. Foru aldundiko Ingurumen Departamenduaren txostenaren zain dago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!