«Omenaldiak indarra eta poza ematen du aurrera jarraitzeko»

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 29a, 09:00

Josu Artola (Amezketa, 1988) motoen munduan aritzen da, enduro extreme modalitatean. Hainbat probatan parte hartu du aurten, lesio batengatik gelditu behar izan duen arte.

Nola doa lesioaren osaketa?

Palentzian egindako karreran hartu nuen mina, orain sei aste, eta behatz lodia hautsi nuen. Aste honetan kendu didate eskaiola eta orain hasi beharko dugu pixkana oinez.

Aurtengo denboraldia amaitu da zuretzat, beraz.

Bai. Urte osoan zehar banatuta daude karrerak, otsailean hasi eta azaroa bitarte. Lesioa urrian izan nuen eta bi karrera garrantzitsu samar galdu ditut, baina denboraldi gehiena egin dut, eta lasterketa nagusienak korrituta. Aurten entrenamenduak ere ezingo ditut hasi eta ea datorren urtearen hasieran hasteko modua dudan.

Dirudienez ez dizu kendu kirola egiteko gogoa.

Bederatzi urte daramatzat korritzen eta bigarren lesioa da hau. Hasi eta berehala izan nuen lesio handiena: femurra atera nuen aldakatik. Orduan dezente denbora egon behar izan nuen geldirik. Denboraldi luze batez zorte handia izan dut eta orain berriz tokatu zait lesioa izatea. Eta, nik uste dut, inoiz baino gogo handiagoarekin nagoela motoan berriro hasteko.

Eta lesioa izan aurretik nolakoa izan da denboraldia?

Esan daiteke enduro extreme modalitatean hasi naizenetik urterik hoberenetakoa izan dela. Baita serioena hartu dudana ere, dezente mugitu baikara karrerak korritzera. Italian izan ginen urte hasieran, gero Portugalen bi karrera egin ditugu, Frantzian ere bai; gero aspalditik nahi nuen parte hartu Errumaniako Romaniacs proban. Azkenean, karrera asko korritu ditugu, entrenamendu asko, eta aurtengo urtea ondo joan da. Gordexolako proban podiuma egiteko aukera izan nuen. Hemen inguruko gidarientzat oso garrantzitsua eta polita da proba hori. Helburu handiak lortu ditut aurten.

Gordexolan zein postu lortu zenuen?

Hirugarren egitea lortu nuen. Aurreneko bi postuetan geratu zenetako bat hortik bizi da, eta bestea ere horretara dedikatzen da. Eta horien atzetik geratzea handia da niretzat.

Aipatu dituzun beste probetan zein emaitza lortu dituzu?

Portugaleko karrera batean bigarren egin nuen eta bestean hirugarren. Errumanian, orain arteko nire ametsetako karrera izan dena, bigarren mailan, Expert izenekoan, hirugarren gelditzea lortu nuen. Gehiago izan dira, baina horiek dira garrantzitsuenak.

Orain lehiatzen ari zaren modalitatea enduro extreme da.

Orain arte enduro modalitatean aritu gara, baina jaisten ari da, eta guk ez dugu aukera handirik entrenatzeko, abiadurarekin lotura duelako: zirkuituetan ibiltzea komenigarria da eta hemen ez dugu aukerarik. Beraz, extreme modalitatean hasi ginen ibiltzen, hau da, enduroa eta trialaren arteko nahasketa. Mendian zehar jartzen dute ibilbidea markatuta eta bidezidorrak, harkaitzak, errekak... egon daitezke. Zailtasun handiko ibilbideak dira; abiadurarekin ez daude hainbeste lotuta, baina bai teknika aldetik, eta horregatik esaten dut trialarekin zerikusia duela.

Eta txapelketa moduko bat izaten duzue kirol horretan, proba ezberdinetan puntuak eskuratuz?

Tristea da baina extreme modalitatean ez da ez Euskadin ez Espainian txapelketarik egin. Orain dabiltza ea antolatzen duten, baina ingurumenaren aldetik arazoak izaten dira, beti zailtasunak jartzen dituzte lasterketak antolatzeko garaian. Ea aurten lortzen duten txapelketa egitea. Orain arteko karrerak sueltoak izan dira, eta ez da txapelketa bat osatu. Portugalen adibidez bai egiten dela txapelketa, bertan sei karrera-edo egiten dituzte. Horietako bi korritu ditugu. Txapelketa oso polita antolatu dute eta jendearen aldetik ere emaitza ona izan du, kopuru handia izan delako. Hori ikusita ea Espainia mailan zerbait antolatzen duten.

Kirol hau ez da zure ogibidea, ez zara honetatik bizi.

Galdaragile bezala egiten dut lana, eta baserrian bizi naiz, eta beti dago zerbait egiteko. Errelebotan lana egiten dut eta lanetik atera, baserrian egin behar dena egin, eta tarte bat hartzen badut entrenatu, baina beti denbora lapurtzen beste lekuetatik.

Aurten inoiz baino babesle gehiago lortu dugu. Bi gidari gabiltza, eta karrera garrantzitsuetara joateko biak elkartu gara. Alberto Aranburu tolosarra da bestea. Orain pare bat urte hasi zen entrenatzen eta biok elkarri asko laguntzen diogu, baita diru laguntzak lortzeko ere. Climaxvic, Ezenarro leihoak, Ugarte motor, Transportes Iturrioz, Zatika motorrak, Aztaka, Danon Txokoa eta Hi-tech ditugu laguntzaile moduan.

Datorren urterako zer asmo duzu?

Espero dugu karrera garrantzitsu batzuk korritzea. Horietako bat berria izango dena guretzat, Austrian, Erzberg Rodeo izenekoa. Aurten egindakoak hor ditugu eta horiek denak korritu nahi ditugu.

Orain gutxi omenaldia egin dizute herrian.

Egun ikaragarria izan zen. Ez nuen batere espero, sekulako sorpresa izan zen, kultur etxera iritsi arte ez nintzelako ezertaz konturatu. Oso egun berezia izan zen, egin zuten ekitaldi guztiekin. Eskerrak eman beharra daukat bai herriari, bai kuadrillari, bai motoko lagunei... Ez dut behin ere ahaztuko egun hori. Indarra eta poza ematen du aurrera segitzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!