Dokumentu horretan udal zergak eta udal zerbitzuen tasa eta prezio publikoak aurreikusten dira, eta hauek Udal aurrekontuaren sarreren % 40 inguru suposatzen dute, hortaz bere garrantzia.
2019. urterako, 2018an bezalaxe, KPI (Kontsumorako Prezioen Indizea) izan da kontutan irizpide bezala oro har Ordenantza Fiskal hauek osatzeko garaian, zehazki Gipuzkoako abuztuko urte artekoa, % 2,3koa hain zuzen ere (iaz %1,7 izan zen). KPIa kontutan hartzeko garrantzitsuena da urtero hilabete berdina hartzea. "Bestela, eta zergaz zerga joanda, esan behar da 2019. urterako aldaketak ez direla nabarmenak", esan dute udaletik.
Ondasun higiezinen gaineko zergaren inguruan esan % 2,3 igoko dela, KPI alegia, eta iaz ezarritako familia ugarientzat hobaria mantenduko dela (2018an 16 familia izan dira onuradunak). Zerga honetan bada nobedade azpimarragarri bat, hobari gisa ezarriko duena udalak, eta ondorengoa da: %50eko hobaria zergaren kuota osoan, Bizigune eta Asap programetan sartzen diren etxebizitza guztientzat, programa horietan sartuta egoten diren bitartean.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Alokabide erakundeak programa hauek ditu aspaldidanik eta egunotan etxebizitza hutsen jabeei zuzendutako kanpaina berri bati ekin dio. Amezketako Udalak, "programa hauek dituzten onurez jabetuta, bere harri koskorra ere jarri nahi du, pizgarri moduan, eta etxebizitza hutsen jabeak animatu nahi ditu (Amezketan 121 daude zenbatuta) beren etxebizitzak programa hauetan sartzeko". Programa hauen informazio zabala Alokabideko web orrian eskura daiteke.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez, %2,3 igoko da. Duela 2 urte hobari berria ezarri zen, ingurugiroari kalte gutxiago eragiten zioten turismo, autobus eta kamioi motako ibilgailuentzat, %20koa, eta 2019ari begira udalak proposatzen du hobari hau igotzea, %40 arte, eta 5 urteetako iraupena izango duena.
Azkenik, aipatu Udalerriko Jarduera Ekonomikoen gaineko zerga eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko zergaren karga tasak %2,3 igoko direla, KPI alegia. Azken zerga honetan ere badira bi berrikuntza: lehena, eta Bizigune eta Asap programetan sartzen diren etxebizitzetako jabeentzat zuzenduta, horretarako etxeetan obrak egin behar izango balituzkete, zergaren %50eko hobaria izango dute; eta bigarrena, ikusirik herriko zenbait etxebizitzek Eraikinen Ikuskapen Teknikoa EIT-ITE egin gabe dutela, egiten dutenek %50eko hobaria izango dute, EITaren ondorioz egin behar diren obretan. Hobaria EIT txostenak zehazten dituen partidetara mugatuko da, betiere, era boluntarioan eta txostenak zehazturiko epeetan egiten badira.
Tasak eta prezio publikoei dagokienez, guztiak bere horretan mantenduko dira: zabor bilketa, udalekuak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, Amezketako Udalaren Onura Publikoko mendian larratzeko eskubidea, hirigintza lizentziak emateagatik, eta abarrek ez dute aldaketarik izango. Azkenik esan uraren tasaren barruan, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak Uraren Ziklo Integralarentzat onartutako kopuruetan, kanona %1 igotzen dela eta ur kontsumoak igoera desberdin progresiboak dituela, %1,5etik hasita kontsumo baxuetan %1,9 arte kontsumo altuetan.
Amaitzen joateko esan udalak prezio publiko berria adostu duela, urtearen hasieran zabalduko den gimnasioaren bazkidetzagatik: 60 euro urteko, eta 65 urtetik gorako adinduak, 30 euro. Hiruhilabetekoa ere ordain ahal izango da, 20 euro, eta 65 urtetik gorako adinduak: 10 euro.
Udalaren aldetik, erabateko prestutasuna agertu nahi da gai honetan udaletxera hurbiltzen den edozein herritarrei behar diren azalpen guztiak emateko.