Ezin da beti irabazi, eta eskerrak

Jexux Murua 2018ko azaroaren 20a

Bere hamabosgarren tantoa egin zuenean Jokinek, tanto itogarria jokatu eta gero, sinetsi ezinik nengoela aitortu behar dut, berriro ere.

8-14 galtzen aritzetik zetorren zazpi tanto jarraian eginda. Jokinen hamabosgarren tanto horrek ondo laburbildu zuen, bere zoritxarrerako ez guztiz, ordura arte ikusitakoa eta, neurri batean, ondoren etorriko zena: Joseba Ezkurdiak jartzen zuen ia beti erritmoa eta Jokini kosta egiten zitzaion kantxaren erdia hartzea; tanto horretan, izkina guztietara mugiarazi zuen arbizuarrak amezketarra, eta honek, bere senari, hanka bizkorrei eta talentuari esker denetara iritsi ahal izan zuen eta, lana gogotik egin eta gero, bere aukera sortzea lortu Ezkurdia gainditzeko. Itxaropena piztu zidan horrek, nola ukatu, baina tratu gogorra zen hori partida ia osoa hala ibili eta aguantatzeko, hala izan baitzen askotxotan, eta lehertu egin behar.


Asko gustatu zitzaidan niri partida. Nik ikusten dudan moduan pilota jokoa, partida bikaina iruditu zitzaidan, erabateko perfekzioa ezinezkoa iruditzen baitzait. Sasoi eta konfiantza bete-betean dagoen Joseba Ezkurdiak irabazi du aurtengoa, merezita: Jokinek baino biziago mugitu zuen pilota, kaiolaren ertzak eta bazterrak bilatu eta aurkitu zituen sarri, berea izan zen ia beti kantxa-erdia, berak jarri zuen partidaren martxa, eta buru txakalaldi bat edukitzea zen ia itxaropen bakarra. Ia diot, aurrean Jokin Altuna zuelako, jenio bat, bere zentzu guzietan. Baina ez zen hura gertatu eta ez zen hau nahikoa izan. Zortzitik hamabostera etorri zitzaionean ere, erakutsi zuen ez zegoela txapel hau Arbizura ez zen beste inora inork eraman zezan uzteko prest; bereari eutsi zion eta ezerezean utzi zuen Jokinen ahalegin neurgaitza, ikaragarria. Bidaniako  Aortza baserrian puskatutako kristal zorrak ondo kitatuak utzi zituen arbizuarrak igandean. Zorionak guztiei.


Zorionak eman nahi dizkiot Jokini ere, ondo mereziak nik uste. Nola ez bada! Txapelketa ikaragarria egin du, kontuan hartuta zein baldintza fisikoetan hasi zen. Hirugarren aldiz harrapatu du txapelketa honen finala bere 22 urte gazteekin eta, aurtengoan 22. tantoa berea izan ez bada ere, hortxe-hortxe eduki du. Eta ez beza inork gaizki hartu, baina une honetan sasoian eta jokoan gutxixeago zela igartzen zelarik, ez al da meritu ikaragarria hortxe-hortxe edukitzea? Txapeldun ezpalekoa delako da hori. Gaizki ohitzen hasiak ginen, baina berretsi da jakina zena: ezin da beti irabazi! Eta eskerrak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!