«Aurrera egin behar duzu, zuregatik eta ondokoengatik»

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 7a, 13:03

Lan istripu baten ondoren ikusmena guztiz galtzeko zorian izan ondoren, korrika egiten hasi eta bere buruari erronka jarri dio Iñaki Goñik: Behobia-Donostia lasterketa egitea.

Iñaki Goñik (Amezketa, 1978) istripua izan zuen lanean 2016ko irailean, eta begiei eragin zien. Hainbat ebakuntza egin ondoren, begi batetik zerbait ikusteko gai da eta kirola gustuko duenez, laguntzaile batekin korrika egiten hasi eta igandean Behobia-Donostia lasterketan parte hartuko du.

Gaur egun zein da zure osasun egoera?

Bi prozesu ezberdin izan dira. Hasiera batean, begia egonkortu behar zela esan zidaten, transplantea egiteko aukera zegoen jakiteko. Ebakuntza bat bestearen atzetik egin zidaten, eta urtebete pasatxo ondoren, iazko azaroan egin zidaten transplantea eta dezente berreskuratu nuen ezkerreko begiko ikusmena. Oraingoz ez dago eskuinekoan transplantea egiteko aukerarik.

Bartzelonako Barraquer klinikan egin zidaten ebakuntza. Hurrengo egunetik pixka bat ikusten hasi nintzen ezkerreko begitik. Aste baten barruan nahiko poliki ikusten nuen. Aurpegiak-eta pixka bat ikusten nituen, eta gauzak normaltzen joan ziren denborarekin. Ikusmenaren eremua da murriztua dudana, eta 30 graduko angeluan ikusten dut. Hodi batetik ikusiko banu bezala da. Irakurtzeko lupa behar dut, eta urrutira ez dut ikusten. Prozesua luzea izan da, baina merezi izan du. Bartzelonatik etorri eta haurrak ikusi nituenean, oso berezia izan zen.

Ikusmena berreskuratzea pauso handia izan zen, beraz.

Bai, noski, pauso handia izan da. Ebakuntzaren aurretik ikara nuen ikusmena zenbateraino berreskuratuko ote nuen. Lehen beti ondo ikusten nuen, eta ezer ikusi gabe urtebete egotea... Argitasuna bakarrik nabaritzen nuen, eta medikuak esaten zuen hori ez zela gutxi.

Egoera berrira moldatzean, beste zentzumenak gehiago garatzen dira?

Entzumena gehiago garatzen da. Adibidez, paseatzera joaten ginenean-eta, moto eta auto hotsak entzutearekin bakarrik zein zen jakiten nuen. ONCEn ere izan gara eta mugikorra-eta erabiltzen lagundu didate. Badaude hainbat erreminta ikasteko, eta gogoa jarriz gero denetarako aukera dago.

Familiaren eta ondokoen laguntza garrantzitsua da, ezta?

Bai, hala da, eta guk alde horretatik zortea dugu. Familia zabala gara eta laguntza handia izan dugu. Lagunak ere ondo portatu dira. Donostiako Ospitalean Itziar Martinez Soroa medikuak, tolosarra bera, asko lagundu digu. Oso garrantzitsua izan da prozesu guztian. Istripua izan eta gutxira berak hartu ninduen, eta beti berdina esan zidan, egoera zaila zela, baina aurrera egin behar zela.

Norberak ere bere partetik jarri beharko du.

Jarri behar horrek eragiten dizu, agian. Niri berez ateratzen zitzaidan. Pentsatu behar duzu aurrera egin behar dela. Etxean geldituta ez duzu ezer. Zuregatik eta ondokoengatik egin beharra duzu; hiru haur dauzkagu eta haiengatik bakarrik ere aurrera egin beharra duzu. Gero, haurrek ere hasieratik ondo hartu zuten. Bi begiak erabat erreta nituen, itxura ere oso polita ez, eta haurrek naturaltasun handiarekin eraman dute. Umeek ere beti esaten zidaten begiak oso ondo ari zitzaizkidala sendatzen, eta horrek beti animatu egiten zaitu.

Nola erabaki zenuen korrika egiten hastearena?

Istripuaren aurreko bi urteetan dezente hasita nengoen korrika egiten. Aurreko urtean banuen asmoa Behobia-Donostia lasterketa egiteko, baina ekainean esan zidaten ebakuntzak-eta etorriko zirela, eta utzi egin nuen. Aurten medikuak baimena eman zidan, ekaina-uztaila aldera, eta nire aukera zela pentsatu nuen. Hasieran zintan hasi nintzen korrika egiten. Gero, Iosu Goñi lehengusuak esan zidan ea animatuko nintzen Behobia egitera, eta baiezkoa esan nion. Baina lehengusua lesionatu egin zen, eta orduan Edp-ren egitasmo baten bitartez, Alegiako Asier Trabarekin kontaktua egin, eta azkeneko hilabete eta erdi berarekin ari naiz entrenatzen. Esperientzia polita izaten ari da. Lehen zintan bakarrik aritzen nintzen, eta kalean korrika egitea politagoa da.

Nola moldatzen zarete?

Soka bat hartzen dugu, bakoitzak alde batetik, eta ondoan jarrita egiten dugu korrika. Aurretik ere pixka bat ohituta nengoen, emaztearekin oinez joaterakoan makila batetik helduta joaten ginen eta. Iaz asko paseatu genuen. Azkenean egin behar duzuna da zure ondokoak egiten duena errepikatu; besteak ondo egiten duela konfiantza izan eta aurrera. Laguntzaileak esan behar dizu, adibidez, noiz datorren koskaren bat. Astean hiru-lau egun elkartu gara entrenatzeko; Alegian elkartzen gara eta bidegorritik ibiltzen gara, seguruagoa da eta.

Zer suposatzen du zuretzat Behobia-Donostian parte hartzea?

Beste erronka bat gehiago. Lehen beti gustatzen zitzaidan korrika egitea, eta orain berriz ere lehengokora bueltatzea nahiko nuke, nahiz eta zailtasun bat izan. 2015ean parte hartu nuen, eta 2016rako prestatzen ari nintzela hartu nuen mina. Lehenengo aldi hartan ez zitzaidan hainbeste gustatu: jende asko korrika egiten, erritmo ezberdinetan, eta korrika gustura egiteko aukerarik gabe.

Eta nola imajinatzen duzu izango dela aurtengoa?

Entrenatzean bakarrik aritzen gara eta ondo goaz, baina nire beldurrik handiena da hainbeste jenderen artean ez dakidala nola moldatuko naizen. Bestela, egoten den giroa oso polita denez, gustura ariko gara. Gainera, ez dugu irabaztera joateko presiorik... Gustura korrika egin eta lasterketa bizitzea da asmoa, lasterketa sentsazio onekin bukatzea. Familiakoak ere han izango dira animatzen eta egun polit bat pasatzea da nire nahia.

Zure egoeran dagoen norbaitentzat inspirazio iturri izan zaitezkeela uste duzu?

Pentsatzen dut posible dela horrela izatea. Emazteak esatean aurten Zegama-Aizkorriko lasterketan ikusten ez duen norbaitek parte hartu duela, motibatu egin nintzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!