Amezketan ere lehiaketa bidez osatuko dute 2019ko egutegia

Ataria 2018ko azaroaren 6a

Lehen aldiz, argazki lehiaketa bidez osatuko dute urtero Amezketako Udalak egiten duen egutegia. Azaroaren 30a izango da argazkiak bidaltzeko azken eguna.

14 urtetik gorako edozein pertsonak parte har dezake eta gaia Amezketa da, bertako paisaiak, pertsonak, elementuak…

Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere hiru argazki aurkezteko aukera izango du, formatu digitalean, eta gutxieneko kalitatea izan beharko dute. Argazkiekin batera informazio osagarri hau ere aurkeztu beharko da: argazkiak non atera diren; egilearen izen-abizenak, telefonoa edota helbide elektronikoa.

Hiru modutara aurkez daitezke argazkiak, udaletxean: CDan, gutunazal baten barruan sartuta, informazio osagarriarekin batera; USB batean, informazio osagarriarekin batera (USBa itzuli egingo da), eta posta elektronikoz, udala@amezketa.eus helbidera bidalita, informazio osagarriarekin batera.

Epea pasa ondoren, 13 argazki sarituko dira eta sari bakoitza 50 eurokoa izango da. Epaimahaia alkateak, zinegotzi batek eta Zumadi Eskolako irakasleek osatuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!