Jokin Altunak lau eta erdiko txapelketako hirugarren finala jokatuko du, jarraian

Ataria 2018ko azaroaren 3a

Altunak 22-16 irabazio dio Bengoetxeari eta azken bi urteotako laugarren finala jokatuko du azaroaren 18an, Iruñean. Bihar erabakiko da Ezkurdia edo Urrutikoetxea izango duen aurkari.

Bi txapeldun aritu dira, gaur, nor baino nor gehiago, Labriteko kantxan. Partida ona jokatu dute biek ala biek, baina amezketarraren magia Bengoetxearen abilezia eta esperientziari gailendu zaio.

Partidako lehen tantoetan leitzarra gehiago izan da. Sakez min asko egin du eta abiadura asko eman dio jokoari. 0-4 aurreratu da Asegarceko pilotaria, gero 1-6 eta 2-9 izatera iritsi da. Hortik aurrera Altunak ongi mugiarazi du Bengoetxea, kantxa osotik, eta aurretik jartzea lortu du, zortzi tanto jarraian egin eta gero: 10-9. Tanto gogorrak ikusi dira.

Ondorengo tantoetan ez batak ez besteak ez du abantaila handirik lortu. Atsedenaldira amezketarra iritsi da aurretik, 12-11, baina gero hiru tanto egin ditu jarraian, 12-14 jartzeko. Altunarentzat izan dira ondorengo tantoak, 19-14 jartzeraino. Ikustekoa nola mugitu duen kantxaren alde batetik bestera tanto horietan.

Bengoetxeak ez du etsi, eta markagailura gerturatzea lortu du, 19-16. Aukerako pilota izan du gero, baina txara bidali du. 20-16. Hurrengo bi tantoak maisuki amaitu ditu Altunak, eta finalerako txartela lortu du.

Altunaren laugarren finala

Altunak eta Bengoetxeak 2016ko lau eta erdiko finalean jokatu zuten elkarren aurka. Hura izan zen amezketarraren lehen finala. Gasteizko Ogeta pilotalekuan 21-22 galdu zuen orduan. Emaitza bera izan zen joan den urtekoan, baina orduan txapeldun izan zen Jokin Altuna, Mikel Urrutikoetxearen aurka. Bere lehen txapela izan zen. Orain arte jokatu duen hirugarren finala ere irabaztea lortu zuen. Aimar Olaizolari 22-14 irabazi zion, maiatzean, buruz buruko txapelketaren finalean.

Horrenbestez, bere ibilbide profesionaleko laugarren finala izango da Altunarentzat. Azaroaren 18an jokatuko da, Iruñeko Nafarroa Arena berrian. Bihar erabakiko da nor izango duen aurkari: Joseba Ezkurdia ala joan den urtean finalean aurkari izan zuen Mikel Urrutikoetxea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!