Faboritoaren aurka galdu du Altunak

Asier Imaz 2018ko urr. 22a, 18:01

Jon Ander Peñak bizirik jarraitzen du Promozio mailako lau eta erdiko txapelketan, Dariori irabazita.

Lau eta erdiko txapelketan dena erabakitzeko dago. Jokin Altuna finalerdietan egongo den edo ez ligaxkako azken jardunaldian jakingo da. Zentzu horretan, amezketarraren bigarren jardunaldia edo igandeko partida soberan zegoen. Ezkurdiaren aurka 22-10 galdu zuen Altuna III.ak, baina irabazi izan balu ere dena Victor-en aurkakoan erabakiko zen. Beraz, asteburuan, Altuna III.a edo Victor, irabazten duena, finalerdietan egongo da. 

Ezkurdia bere pilota ibilbideko sasoirik onenean dago. Iazko txapeldunari irabazi ondoren, igandean Donostiako Atano III.a pilotalekuan, aurtengo txapela irabazteko faborito bilakatu da. Agian hori izango da bere aurkari nagusia.

Altuna III.a eta Ezkurdiaren arteko partida azkarra izan zen, 38 minutukoa. Nafarrak 15 tanto egin zituen amezketarrak 10. Hau da, Ezkurdiak ez zuen pilotarik galdu.

Promozio Mailako txapelketan, lau pilotari final-laurdenetako ligaxkan ari dira lehian. Jon Ander Peñak lehen partida galdu egin zuen; bigarrena, igandean, irabazi: 22-15 Darioaren aurka. Ligaxkako hirugarrena eta azkena partida guztiak irabazi dituen Etxeberriaren aurka jokatuko du. Irabazteaz gain Bakaikoaren partidari begira egon beharko du tolosarrak, finalean egongo den edo ez jakiteko. Azken jardunaldian Bakaikoak Darioren aurka jokatuko du. Errioxarrak partida guztiak galdu ditu ligaxkan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!