Amezketako Gaztelekua, gazteen parte hartzea sustatzea, helburu

Imanol Garcia Landa 2018ko urr. 10a, 09:15
Udan Buruntzuntzinera joan ziren Gaztelekuko erabiltzaileak egun batzuk pasatzera.

Ikasturteari ekin dio Amezketako Gaztelekuak; 12 eta 18 urte arteko gazteak elkartzen dira bertan.

Amezketako Gaztelekuak hasi du bere ikasturtea. 12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako zerbitzua da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak duen Gaztematika egitasmoaren barruan kokatzen da. Izaskun Urrestarazu Gaztelekuko suspertzaileak azaldu duenez, «Gaztematika haur txoko, gazteleku eta nerabeentzako zerbitzua babesten duen sistema bat bezalakoa da. Gu PSZ izeneko zerbitzu baten barruan gaude, hau da, Parte hartzea Sustatzeko Zerbitzua».

Gaztelekuaren helburuak adin horretara egokituak daudela gaineratu du Urrestarazuk: «Helburua izaten da herrian parte hartu nahi izatea, beraien autonomia eta erantzukizuna lantzea. Horrelako toki bat izanda, nerabezaroaz gozatzeko aukera izatea, eta baita konpromisoa lantzea».

Gaztelekuaren espazioa berez Larrunarri frontoiaren goiko partean dago, baina orain berritzeko asmotan dabiltza. Gaur egun, aurreko haur eskolaren lekuan dago kokatuta Gaztelekua. Berritze lanak egiten direnean, berriro ere frontoira itzuliko da zerbitzua.

Honako ordutegia du zerbitzuak; astelehen, asteazken eta ostiraletan 16:30etik 19:30era, eta astearte eta ostegunetan 17:30etik 19:30era. «Asmoa dugu larunbat batzuetan ere zerbitzua eskaintzeko. Hor gaude erabakitzen zein larunbat izan daitekeen aproposena herriari begira ekitaldiak antolatzeko», esan du Urrestarazuk.

Jarduerei dagokionez, hilaren hasieran taula bat osatzen dute, eta bertan gazteek jartzen dute zein ekintza egin nahi dituzten egunean zehar. «Gazteek ere badakite proposatzen dutena azkenean egokitua egon behar duela dagoen baliabide eta egoeretara», esan du Urrestarazuk. Bere aldetik ere proposatzen ditu: «Hezitzaile bezala ere beraiei egokitutakoak jartzen ditut. Beraz, orekatua izaten da: batetik, beraiek nahi dutena, eta, bestetik, gure antolakuntzaren barruan egiten direnak. Horrez gain, bere tarteak ere badituzte jarduerarik gabekoak, librean egoteko».

PROPOSATUTAKO JARDUERAK

Ikasturteko lehenengo hilabetea da urria, eta nahiko hutsa dutela dio Gaztelekuko suspertzaileak: «Orain gehiago ari gara prestatzen zer jarduera egin. Gaztelekura sartzen diren berriak elkar ezagutzeko jarduerak egiten ditugu, besteak beste». Gazteek proposatzen dituztenak sukaldaritzaren ingurukoak izaten dira, eta lehiaketak, kartetan edo X-Boxean aritzekoak. «Ekintzak egiten diren garaian argi dute ekintzak egitea tokatzen dela. Gero ekintzak bukatzen direnean ordu erdi edo libre izaten dute nahi dutena egiteko», zehaztu du Urrestarazuk.

Gaztelekua gazteei egokitutako zerbitzua denez, beraiek jai izaten dutenean Gaztelekua irekita egoten da. Batez ere Gabonetan, Aste Santuan eta udan zerbitzu bereziko ekintzak eginez. Beraiekin adostutakoak egiten dira, herrian eta herritik kanpo, eta jai egunaren arabera izaten dira.

Gaztelekuan parte hartzea irekia da. «Denak batera etortzen dira, herri txiki bat izanik, baina beraien ordutegiaren arabera ere etortzen dira, batzuk ordu erdi eta beste batzuk arratsalde osoa», esan du suspertzaileak. Normalean izena emateko etxeetara eskutitza bidaltzen da eta gazteek bete behar izaten dute izen emate orria, bere eta gurasoen datuekin. «Besterik ez da behar, parte hartu nahi izatea eta herrian parte hartzea bultzatzeko gogoa ekartzea».

Dagoeneko zazpi urte inguru badaramatza martxan zerbitzuak. Aurreko urtearen balantzea egiterakoan, Urrestarazuk gogoan du aurretik zegoen arduradunak egindakoa: «Nerabeen parte hartzea handitzea lortu zuen eta aurreko urtean parte hartze hori mantendu egin ahal izan genuen. Positiboki baloratu genuen, eta ikusita duten adina zaila dela, beraien iazko parte hartzea izugarrizkoa izan zen. Beraiekin lortutako harremana niretzako oso ona izan zen eta oso berezia».

Astero 15 eta 20 gazte bitarte joaten dira Gaztelekura. «Kontuan hartuta adin horretan ere gauza asko izaten dituztela, parte hartzea handia dela esan daiteke». Urrestarazuk herriko nerabeei parte hartzeko gonbita egiten die. «Zerbitzua aurrera eramateko oso garrantzitsua da beraien parte hartzea eta etortzera animatzen ditut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!