Jubilatuen Txoko berriko ekintzetan parte hartzeko izen emate epea zabalik

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 2a, 13:47
Jubilatuen Txokoari buruz kultur etxean egindako bileraren une bat.

Joan zen asteartean Jubilatuen Txoko berriaren aurkezpena egin zen Kultur Etxean eta 30 bat lagun elkartu ziren zerbitzu berriaren nondik norako guztiak entzutera.

Gizarte gaietarako Xatur Zabala zinegotziak sarreratxo bat egin ondoren (duela urte batzuk Eguneko Zentroa jartzeko egitasmoa gogoratu zuen eta hura zabaltzeko egon ziren zailtasunak), udaleko gizarte langileak azalpen zehatzak aurkeztu zituen. Horrela, Jubilatuen Txoko berriaren helburu nagusia herritar nagusien kalitatezko bizitza eta osasuna mantenu eta hobetzea zela adierazi zuen, eta jarraian zerbitzuaren funtzionamenduko zenbait argibide eman zituen. Jubilatuen Txokoa 65 urtetik goragoko amezketarrentzat dago zuzenduta, eta leku berria egunero zabalik izango da, 15:00etatik 19:30era. Astean hiru arratsaldetan (astelehen, asteazken eta ostiraletan) bi ordutako dinamizazio saioak (eskulanak, memoria lantzeko ariketak, gimnasia…) egingo dira, 16:00etatik 18:00etara, nahi duenak parte har dezan. Erabiltzaile adinduek lokal berriaren gela eta elementu guztiak erabiltzeko aukera izango dute, hala nola, egongela, sukaldea, gimnasia gela…

Eta lokal berri hau Amezketako adinduek nahierara erabili ahal izateko, udalak erabiltzaileei kultur etxeko sarrerako eta Jubilatuen Txokoko ateko giltza inteligentea deritzona emango dizkie. Giltza hau ez da ohikoa, plastikozko txapatxo bat da, erabiltzeko oso erraza, eta bakoitzak berea izango du. Esan behar da Jubilatuen Txokoko ekintza guztiak doan izango direla 2018-2019 ikasturtean, eta astean hirutan eskainiko diren ekintzetara hurbildu ahal izateko udalak garraio zerbitzua eskainiko dietela herrigunetik urruti bizi diren adinduei.

Udaleko gizarte langileak hainbat azalpen eman ondoren, eta bertaratutakoek egindako zenbait zalantza argitu ondoren, Amezketara hurbildutako bisitarien txanda izan zen. Hain zuzen ere, Errezil, Bidania-Goiatz, Albiztur eta Beizamako gizarte zerbitzuak koordinatzen dituen gizarte langilea eta Errezilgo Jubilatuen Txokoko bi erabiltzailek beren testigantza eman zieten bertaratutakoei. "Gizarte langileak horrelako zerbitzuak adinduentzako zein garrantzitsuak diren azpimarratu zuen, pertsona helduek bizipoza, alaitasuna eta beraientzako denbora dedikatzea behar dutelako, etxean bakarrik, komunikazio handirik gabe eta sentipenak bakardadean bizitzen egon beharrean", azaldu dute udaletik.

Jarraian Errezilgo Jubilatuen Txokoko erabiltzaileek hitza hartu zuten Errezilen egiten dituzten "ekintzak zenbat gustatzen zaizkien eta nolako onurak ekartzen dizkieten" esateko. "Esaten zituzten kontuak bizitasun eta grazia handiarekin esaten zituzten, benetan gogotsu eta grinarekin parte hartzen zutela transmititzen zuten", zehaztu du udalak. "Batek zioen gaztetuta sentitzen zela eta besteak berriz baserrian bakarrik eta urruti egon beharrean nahiago zuela beste adineko lagunekin egotea. Izan ere, lagun kuadrilla majoa eginda daukate eta batzuetan opor txikiak ere izaten dituzte elkarrekin".

Aurkezpen horrek 50 minutu iraun zituen eta jarraian denak Jubilatuen Txoko berriko gelak ikustera igo ziren. "Denek onartzen zuten lekua ederra dela eta horri etekina atera beharra dagoela", esan du udalak. "Errezilgo erabiltzaileek bereziki onartu zuten, Amezketako Jubilatuen Txokoa leku gutxitan bezalakoa dagoela, berri berria eta dotorea, alegia, baina leku honi bizitasuna eta erabilpena eman behar zaiola, zalantzarik gabe". Jubilatuen Txoko berriak hall bat, egongela handi bat, sukaldea, bulego txiki bat, gimnasiarako gela bat eta bi komun egokitu ditu.

Egingo diren ekintzak, garraioa eta giltza inteligentea eskuratzea modu egokian antolatzeko helburuarekin, "erabat beharrezkoa eta garrantzitsua" da aurretik izena ematea udaletxean, bertara joanda. Fitxa bat bete beharko dute erabiltzaileek edo hauen izenean euren senideek. Izena emateko hasierako epea urriaren 11 arte da, eta udalaren asmoa da zerbitzu berria lehenbailehen martxan jartzea, gutxieneko erabiltzaile batzuekin, eta erabilera berak arrakasta badu eta erabiltzaileek hala eskatzen badute, Amezketako Udala prest dago zerbitzuaren ordutegi eta ekintzak zabaltzea aztertzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!