Plan orokorrari buruz bi saio egingo dira, lehenengoa ostiral honetan

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 2a, 11:25

Amezketako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren prozesuaren barruan, Amezketako Udalak bi saio berri antolatu ditu: urriaren 5ean, ostirala, eta 11n, osteguna, biak 18:00etan, kultur etxean. 

Amezketako udalbatzak uztailaren 26an Amezketako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aurrerakin Dokumentua jendaurrean jartzea erabaki zuen eta epea dokumentuari edozein iradokizun egiteko urriaren 9arte dago zabalik.

Baina epea amaitzearekin batera, udaletik azaldu dute garaia iritsi dela aurrerakin dokumentu horretan jasotzen diren nondik norakoak eta aukera desberdinak zehazten eta erabakitzen joateko, eta erabaki horietan herritarren ahotsa eta iritzia ezinbestekoak direla dio. Horregatik, bi saio berri egingo dira eta bertaratzen diren amezketarrek gai desberdinak jorratzeko eta erabakitzeko aukera izango dute. Besteak beste, ondorengo gaiak azalduko dira: turismoa Amezketan, etxebizitza berria, eskolaren kokapena, landagunea berpiztea, ekonomia, azpiegitura berriak...

Amezketako Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren Partaidetza prozesua, Amestu Amezketa izena eman zitzaiona, duela urtebete jarri zen abian, urriaren 21ean zehazki. Geroztik, hainbat bilera burutu dira herrian eta herritar asko inplikatu direla azaldu du udalak. «Ez dago zalantzarik bilera hauek interesgarriak eta aberasgarriak izan direla amezketarrentzat, herria nola dagoen ikusteko eta zer nolako herria nahi den etorkizunean hausnartu eta erabakitzen joateko», esan du udalak. Hitzaldiak, talde dinamikak, txangoak, eztabaidak eta azalpenak izan dira, baina guzti honek merezi izan duela uste du udalak.

Hurrengo hilabeteetan ere lanean jarraitu beharra dagoela gineratu du udalak, «Amezketaren onurarako erabakiak hartzen joateko», eta bide horretan udalak, beste behin ere, amezketarrak animatu nahi ditu Amestu Amezketa Partaidetza prozesuan parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!