Amezketako Jubilatuen Txokoa abian jarriko dute kultur etxean

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 21a, 16:36
Amezketako kultur etxean egongo da Jubilatuen Txokoa.

Bilera "garrantzitsua" antolatu du udalak datorren astearterako, hilak 25, 18:30ean, kultur etxean.

2012. urteaz geroztik Amezketako kultur etxeko lehen solairuan azpiegitura prestatuta dago hirugarren adinera bideratutako eguneko zentroa ezartzeko. Garai hartan udala saiatu bazen ere zerbitzu berri hori abian jartzen, ezin izan zen martxan jarri Amezketan ez zelako zerbitzu horren eskatzaile nahikorik agertu. Geroztik urte batzuk pasa dira eta adineko amezketarren kopuruak gorantz egin du, eta udalak uste du garaia iritsi dela berriro zerbitzu horri bultzada berri bat emateko.

Amezketako Udala aldundiarekin harremanetan izan da zerbitzua zabaltzeko eta finantziazioa lortzeko, baina araudiaren aldaketak medio, zerbitzu hori aldatu egin da eta zerbitzuaren antolaketa udalaren esku geratu da. Horrela, Amezketako Udalak, helburu berriekin eta izen berriarekin, azpiegitura hori berriro ere hirugarren adinekoen zerbitzura jartzeko asmoa dauka.

Amezketako kultur etxeko lehen solairuan dagoen azpiegitura hori, hemendik aurrera Jubilatuen Txokoa izenarekin erabiliko dena, Amezketako 65 urtetik gorako guztiei zuzenduta egongo da, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurre hartzeko zerbitzuak eskainiz. Zehazki, esku hartze psikosozialeko programak egingo dira, funtzio kognitibo, psiko-afektibo eta sozializatzaileak estimulatuz. Hasiera honetan, ez da eskainiko jangela zerbitzurik ez eta higiene zerbitzurik; alegia, ez da eskainiko eguneko zentro batean ohikoak diren zerbitzuak osotasunean, baina denborak aurrera egin ahala, eta amezketar adinduen eskakizunak gorantz badoaz, udalak Jubilatuen Txokoaren zerbitzuak zabaltzeko asmoa du.

Azalpen horiek zabalago eta lasaiago aurkezteko, eta Jubilatuen Txokoaren helburuak, antolamendua, eskainiko diren zerbitzuak eta herritarrengan sor daitezkeen zalantza eta galdera guztiak argitzeko, udalak herriko hirugarren adineko herritar guztiei, hauen senideei, eta oro har, amezketar guztiei datorren asteartean egingo den bilerara joateko deialdia egin du. Kultur etxean izango da, 18:30ean.

Udaletik animatu diete herritar guztiei bilera "garrantzitsu" honetan parte hartzera. Herritarrak hurbildu ezkero eta hurrengo asteetan herritarrengandik Jubilatuen Txokoa erabiltzeko erantzuna jasoz gero, "gure herriko helduenentzat benetan onuragarria izango den zerbitzu bat abian jartzeko aukera izango da", azaldu dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!