Enirio-Aralar

Arritzaga, historiaurreko meategia

Imanol Garcia Landa 2018ko ira. 21a, 09:36

Felix Ugarte elkarteko kideetako bat, lanean, Amezketako ARR37 izeneko gunean, zazpi metroko sakonean. GIORGIO STUDER / FELIX UGARTE ELKARTEA

Duela 3.250 urte, Aralar mendilerroan kobrea ateratzen zuten lurretik, Amezketako Arritzaga izeneko eremuan. 2016 abian jarritako proiektu bati esker, indusketa lanak egiten ari dira hirugarren urtez.

Felix Ugarte elkartea eta Arkeolan fundazioa Amezketako Arritzaga meategian indusketa lanak egiten ari dira 2016tik, ARR 37 izena jarri dioten kokagunean. Elkarte horrek lurrazpiko munduaren esplorazioa eta ikerketa ditu xede. Txomin Ugalde bertako lehendakari eta Arritzagako zuzendarikideak azaldu duenez, ez dira arkeologoak. “Espeleologoak gara gu, baina eskarmentu handia daukagu ikerketa arkeologikoetan. Antzinako meatzaritza ikertzen duen talde bat dago elkartean, eta, hain justu, talde horrek aurkitu du Arritzagako meategia, Arkeolan fundazioak emandako oinarri arkeologikoaren laguntzarekin”.

Felix Ugarte elkarteko kideek hogei urte baino gehiago daramatzate antzinako meatzaritza ikertzen, eta aspalditik zeukaten Aralarko kobre meategiak ikertzeko asmoa. “Beti pentsatu izan dugu Arritzaga historiaurrean kobrea ateratzeko meatze eremu bat izan zitekeela”, azaldu du Ugaldek. 2008an serio heldu zioten proiektuari, eta lehen azterketak egiten hasi ziren, ateratze eremu primarioak bilatzeko; hau da, aire zabalean eta bistan minerala ateratzeko eremuak aurkitu nahi zituzten, Eneolitoan eta Brontze Aroan egiten zituzten praktiken aztarnak bilatzeko.

Urte hartan egin zuten lehen bisita arkeologia ikuspegia kontuan hartuta, eta orduan aurkitu zituzten lehen aztarnak, Brontze Arokoak. Gainera, meatze gune interesgarriak topatu zituzten, eta duela 3.250 urtekoak zirela ondorioztatu zuten. Besteak beste, egun aztertzen ari diren ARR 37 eremuan hainbat aztarna topatu zituzten, arragoa txiki bat tartean. “Bertan tailer moduko bat egon zitekeela erakusten zuen horrek”, adierazi du Ugaldek.

Lehen kokagunea erabakita, 2016an hasi ziren indusketa lanak egiten, eta zeramika aztarnak topatu zituzten orduan; erredukzio upel batenak izan zitezkeen. Urte hartan bertan topatu zuten zazpi metro behera egiten duen galeria. “Zenbait zatitan puskatuta zegoen egindako lanengatik, baina meategiaren %80 Brontze Arokoa zela ikusi genuen”.

Iaz bete zuten bigarren urtea, eta bestearen ondoan dagoen zulo bat topatu zuten, sedimentuz betea. Aztarnak topatu zituzten sakonera jakin batean, eta jalkin erritualekin zerikusia izan zezaketela ondorioztatu zuten. “Beren sinesmenak zituzten garai hartako biztanleek, eta eskaintzak egiten zizkioten Ama Lurrari, azken finean bertatik ateratzen zituztelako metalak. Zeramikazko suil eder bat eta hezur aztarna batzuk aurkitu genituen, azken horiek guztiz erreak”.

Aurten, galeria horretan jarraitu dute indusketa lanak egiten. Ia-ia bertikala da zuloa, eta metro eta erdiko luzera eta 40 zentimetroko zabalera du. “Zazpi metro eta erdi egin dugu behera, eta meatze mazoak topatu ditugu; Brontze Arokoak izan litezke. Sakonagoa da zuloa, eta bertan lanean jarraituko dugu”, esan du Ugaldek.

Antzinako meatzariek 75 metroko garapena duen galeria bat egin zuten, besteak beste. “Garai hartarako meatze teknika hori izateak harritu egin gaitu. Orein baten adar bat azaldu zen gune horretan; pikotxa gisa erabiltzen zuten minerala ateratzeko”, zehaztu du Ugaldek, eta gaineratu du Arritzaga meatze eremu garrantzitsua dela: “Suarekin materiala txigortzeko teknika erabiltzen zuten meatzari batzuek, horretan adituak zirenek, eta meategitik milaka tona harri atera zituzten minerala lortzeko. Orain arteko kalkulu lanen arabera, gutxienez 1.200 urtez aritu ziren jardunean bertan”.

“Lan geldoa”

Arritzagak fruitu asko emango dituela uste du Ugaldek. Kilometro koadro inguruko eremua hartu dute, eta 50 gune interesgarri zehaztu dituzte. “Denak ez daude ikertuta. Gune horietako batean aritu gara ikertzen azken hiru urteotan, eta gainerakoak agian ez dira izango hain aberatsak”. ARR 37 ikertzea erabaki zuten eurek. “Han aberastasun handia zegoela ikusi genuelako lehen azterketarekin. Aztarna garrantzitsuak daude beste gune batzuetan ere, baina teknika arkeologikoak lan geldoa eskatzen duenez, itxaron egin beharko dute horiek”.

Erromatarren garaiko aztarnak ere topatu dituzte meategian, baita Erdi Arokoak ere. Ugaldek azaldu du XVIII. mendeko meatze jarduera oso ondo dokumentatuta dagoela. Euskal Herrian badaude historiaurreko garai hartako meatze aztarnak dituzten beste aztarnategi batzuk, Lizarran eta Baztanen, esaterako, baina, Ugalderen hitzetan, ez dute Arritzagaren dimentsiorik.

Amezketako Udalak eta Buruntzunzin mendi elkarteak emandako “ezinbesteko” laguntza eskertu du ikerlariak, eta gaineratu du meatzarien pare aritu direla indusketa lanak egitean: “Meatzarien lana egin dugu guk, meategi bat hustu baitugu. Harria, lokatza eta aztarna arkeologikoak atera ditugu, eta hori ezin da egin palarekin eta pikotx batekin. Arraspa batekin aritu gara lanean, eta ontziz ontzi atera dugu dena, pixkanaka”. Zazpi metroko sakoneraraino iritsi dira aurten, eta azaldu du oraindik ikertzeko asko dagoela zulo horretan.

Argazkia: Giorgio Studer/Felix Ugarte elkartea

Argazkia: Giorgio Studer/Felix Ugarte elkartea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!