Amezketako Udalak diruz lagunduko ditu euskara ikasleak

Ataria 2018ko irailaren 17a

Amezketako Udalak 2018-2019 ikasturtean ere euskara ikastaroak antolatu ditu herrian bertan, Tolosako Aitzol Euskaltegiaren eskutik. Eskola presentzialak, on-line bidezkoak edo autoikaskuntza sistemakoak izango dira.

Iaz bezalaxe, Amezketako Udalak oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako euskara ikastaroen eskaintza osatu du aurtengo ikasturterako.

Europako hizkuntzen markoaren arabera, oinarrizko mailak A1 eta A2 dira, euskararen ezagutzaren hastapenetan daudenentzat; B1 eta B2 aldiz, erdiko mailakoentzat dira, eta B2 landu ondoren 2. Hizkuntza Eskakizuna titulua eskura daiteke; azkenik, C1 eta C2 maila aurreratuak daude, eta C2 landu ondoren 3. Hizkuntza Eskakizuna edo EGA tituluak eskura daitezke. Iazko ikasturtean, esaterako, EGA mailako 3 pertsonako taldea osatu zen lehenengoz, eta balorazioa positiboa izan zen.

Izena edo matrikula epea irailaren 28arte izango da eta Amezketako udaletxean egin beharko da. Udalak diruz lagunduko ditu izena ematen duten ikasleak. Matrikula ordaintzean 100€ ordaindu beharko dituzte ikasleek, eta ikasturtearen amaieran diru hori itzuliko zaie, klaseen %80a betetzen badute –laneko edo gaixotasun arazo larriak salbuespen direla–.

Behin epea amaituta, izena emandako guztiei bilera baterako deia egingo zaie, irailaren 28an bertan, 19:00etan Kultur Etxeko aretoan, egutegia, ordutegiak eta taldeak antolatzeko.

Udalak adin guztietako herritarrak bultzatu nahi ditu euskara ikastera: «Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea amezketar guztion ardura da, dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko, baina era berean, euskaraz dakitenen ardura da ez dakitenei eta ikasten ari direnei bultzadatxo bat ematea, eta pazientziarekin eta modu errazean, tabernan, dendan, plazan… euskaraz zuzentzea».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!