Izena zalantzan duen txapelketaren finalak iganderako prest daude

Tolosaldeko Ataria 2018ko ira. 5a, 08:46

Joxean Tolosa Txapelketaren azken partidak 17:00etan hasiko dira Larrunarri pilotalekuan, buruz buru;
lehen aldiz emakumeen arteko finala jokatuko da.

Joxean Tolosaren txapelketak 39 urte betetzen ditu aurtengoan, eta igandean amaituko da. Amezketarrak buruz buruko txapela jantzi zuenean hasi ziren antolatzen. Orain arazo baten aurrean daude antolatzaileak, Jokin Altunak ere banakako txapela irabazi baitu. Txapelketaren izena, beraz, eguneratu beharrean izan daitezke. «Horretarako Tolosa berarekin hitz egin beharko dugu aurrena», dio Xalton Zabala txapelketaren antolatzaileak.

Izen berriaren zain edo ez, aurten berrikuntza bat sartzea erabaki dute amezketarrek: emakumeen txapelketa. Ondorioz, orain arteko hiru mailak lau izatera pasa dira. Irailaren 9an, beraz, lau partida jokatuko dira Larrunarri pilotalekuan, 17:00etatik aurrera.

EMAKUMEEN FINALA
Etxeberriak eta Tolosak jokatuko dute finala. Biak amezketarrak. Izan ere, lehen edizioa herriko pilotarien artean jokatzea zen helburua. Bik kale egin zuten oporrak medio, eta euren ordez kanpotik beste bi ekarri dituztela dio Zabalak, Zazpi Iturri Pilota Elkarteko arduradunak: «Zortzi pilotariren artean jokatu da txapelketa, pilota gozoarekin, eta oso ondo joan da. Pilotari bakoitzak bere ingurunea eraman du frontoira eta oso positiboa izan da hori. Gure asmoa hurrengo urteetan errepikatzea da. Hasiera batean, herrikoekin, eta behin finkatzen denean, ikusiko da».  

KADETEEN FINALA
De La Fuente eta Igoa nafarrek jokatuko dute bigarren finala. «Oso onak; oso-oso onak» dio Zabalak. Final handia espero da, beraz, kadeteetan. «Biak aurrelariak dira eta oso onak, batez ere, Igoa. Urtebete zaharragoa da eta gorputz eginagoa dauka. Faboritoa bera da. Dena egiten du ondo, dena. Ia Asegarce-rekin lotura dauka». Fenomeno berri baten aurrean ote gauden galdetuta, «horrela ematen du» dio Zazpi Iturriko arduradunak.  

GAZTEEN FINALA
Julen Alberdi eta Apezetxearen arteko finala faborito argirik gabekoa da. Zizurkildarra punta puntan dabil, Andoaingo Gazteleku pilota elkartean. «Ez da 60 kilora iritsiko baina ez da txikia, flakoa da. Bere gorputzerako ikaragarri jokatzen du. Oso pilotaria da», deskribatzen du Zabalak. «Baina aurkaria GRAVNI-ko jubeniletako txapelduna da. Atzelaria. Ez da altua baina bai sendoa. Asko jokatzen du eta dejadak oso ondo botatzen ditu. Tantoa ederki amaitzen daki. Ikusi egin beharko da: indarra mainaren aurka».  

NAGUSIEN FINALA
Azken finalean eskualdeko beste ordezkari bat egongo da: Ioritz Egiguren tolosarra. GRAVNI-ko finalaren errepikapena izango da igandekoa. Orduan Egigurenek irabazi zion Uriberi, ondorioz, faboritoa bera izan daiteke. Tolosarra oso ondo ezagutzen du Zabalak, Zazpi Iturrin berarekin baitauka pilotaria: «Bere burua estu hartzen duen pilotaria da, baina ondo hasten baldin bada edonor txikitzeko gai da. Sake bortitza dauka, dejadak ondo botatzen ditu eta pilota indartsu ibiltzen du».


Irabazleak Rezusta, Zabaleta, Artola eta Saralegi bezalako pilotariekin bat egingo du palmaresean. Altuna III.ak ez zuen nagusien mailako txapela jantzi bere herrian, aurreko bi mailetakoa irabazi ondoren profesionaletara jauzi egin baitzuen.


Lau partida hauek kontuan hartuta, Xalton Zabalak pilotazaleak Larrunarrira gonbidatu ditu igandean: «Bi ordu t’erdi onak pasa nahi izanez gero, ez dago aitzakiarik» esanaz. Pilotaleku berritua, gainera, «orain askoz goxoagoa da, eserleku erosoekin».


Sariak ematen, urtero bezala, Joxean Tolosa bera egongo da.

FINALAK
Emakumeak
Tolosa (Amezketa) vs.  Etxeberria (Amezketa-Ugarte)
Gizonezkoak
Kadeteak
De La Fuente (Eugi)  vs.  Igoa (Etxarri Aranaz)    
Gazteak
Julen Alberdi (Zizurkil)  vs.  Apezetxea (Goizueta)    
Nagusiak
Uribe (Gasteiz)  vs. Ioritz Egiguren (Tolosa) 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!