Altuna III.a, Elgoibarko torneoko txapeldun

Ataria 2018ko abuztuaren 27a

Argazkia: ASEGARCE

Aurrelari amezketarrak, Andoni Aretxabaleta atzelari markinarrarekin osatu zuen bikotea, atzo, eta Olaizola II.aren eta Rezustaren aurka lortu zuten garaipena: 22-19. Altuna, gainera, torneoko pilotari onena izendatu zuten.

Giro ederra izan zen Elgoibarko Udal pilotalekuan, bertako San Bartolome festen barruan jokatu zen torneoko finalean. Apustuei zegokienez, faborito argiak ziren Olaizola eta Rezusta. Hala ere, ostiralean, Irribarria eta Imazen aurka finalerdia irabazi zuten Altuna-Aretxabaleta bikoteak, ez zuen horretarako aukerarik utzi nahi izan.

Lehen tantoetan, ordea, urdinak nagusi izan ziren, eta gorriei asko kosta zitzaien partidan sartzea: 0-3 eta 3-10. Bazirudien partida erraz irabazi ahal izango zutela faboritoek, baina, amezketarra eta markinarrak ez zuten amore eman, eta partidaren erdialdera iritsita, bi tantora gerturatzea lortu zuten, lehen atsedenaldiaren aurretik: 10-12.

Rezustak, jotzaile handia dela erakutsi zuen beste behin, baina atzoko pilota astunekin, zaila izan zitzaion errebotera pilotak botatzea, nahiz eta frontoia ohikoa baino laburragoa izan. Bikote gorriak, hasieratik erakutsi zuen defentsan lan handia egin zezaketela, eta Altuna asmatzen hasi zenean, partida berdintzea lortu zuten. Halako batean, lehen aldiz jarri ziren aurretik, 16-15, eta partidaren bigarren zatia ederra izan zen.

Hortik aurrera, bi bikoteak nor baino nor aritu ziren, berdinketa ugari izan ziren markagailuan, eta bigarren atsedenaldira, aurretik iritsi ziren gorriak, 18-16. Bueltan, baina, urdinek euren bertsio onena erakutsi zuten, eta hiru tanto segidan eginda aurretik jarri ziren berriro: 18-19. Hala ere, ez zuten tanto gehiago egiterik izan. Altunak ikusgarri jokatu zuen amaieran, eta pilotari onenaren garaikurra ere jaso zuen.

Partidako datuak:

Emaitza: Altuna-Aretxabaleta 22-19 Olaizola-Rezusta.

Pilotakadak:608.

Iraupena: 60 minutu eta 38 segundo.

Egindakoak:Altuna III.ak 15 (sakez 2), Aretxabaletak 1, Olaizola II.ak 8 eta Rezustak 2.

Galdutakoak:Altunak III.ak 4, Aretxabaletak 5, Olaizolak 3 eta Rezustak 3.

Partzialak: 0-3/1-3/1-4/3-4/3-10/8-10/8-12/10-12/10-14/14-14/14-15/15-15/15-16/18-16/18-19 eta 22-19.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!