Amezketako San Bartolome jaiak 2018

Jende ugari elkartu da pilota partidak ikusteko

Imanol Garcia Landa 2018ko abu. 24a, 20:09

Lehenengo aldiz jokatu dira Amezketako festetan emakumeen esku pilota partidak. Tolosa eta Labaien herritarrak aritu dira lehen partidan elkarren aurka.

Ane Arteagak eta Maite Tolosak (gorriz) 22-11 irabazi diote Ainitze Labaien eta Naroa Elizalderi (urdinez). Bigarren partidan, Miren Larrarte bidaniarra aritu da Ohiana Orbegozorekin batera (urdinez) eta galdu egin dute 22-9 Leire Etxaniz eta Nagore Aramendiren (gorriz) aurka.

Tolosak azaldu duenez, "tanto gogorrak izan dira partidan zehar. Hasieran errazago joango zela zirudien eta gero bukaera aldera gerturatu egin dira markagailuan". Labaienek bere aldetik, aurkariak jokoan "nagusi" izan direla azaldu du.

Pozik agertu dira bi amezketarrak herriko festetan aritzeagatik. Labaienek esan duenez, "jende asko izan da ikusten eta tarte polit bat pasa dugu. Tentsio puntu bat ere izan dut, hainbeste jendearen aurrean ohitu gabe nagoelako jokatzera. Errespetu pixka bat ere ematen du, baina polita izan da". Tolosak gaineratu duenez, "uste baino jende gehiago etorri da. Ikusmina ere sortu du; herriko bi pilotari aritzeak ilusioa piztu duela uste dut".

Aurrera begira espero dute berriro ere emakumeen pilota partidak izatea. "Hurrengo urtean, aukera izanez gero, gustura arituko naiz", esan du Tolosak. "Hau ez dadila geratu, gu ez bagara behintzat emakumeak etorri daitezela jokatzera", gaineratu du Labaienek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!