Sari bikoitza Altunarentzat

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 9a, 19:55

Aurrelari amezketarrak, Ama Zuria Torneoa irabazi du, Jose Javier Zabaletarekin batera, Ezkurdia eta Rezustaren aurka (22-13). Nagusitasun handia erakutsi ondoren, partida erraz eraman dute aurrera. Altunak, gainera, pilotari onenaren saria ere eskuratu du Gasteizko txapelketan.

Gasteizko festen azken egunarekin batera, aspeko bi bikoteek, Ama Zuriaren txapelketako finala jokatu dute, Ogeta pilotalekuan. Arratsaldeko bigarren partida izan da txapeldunak erabaki dituena, jaialdiko nagusia.

Hasieratik, bi atzelariek agerian utzi nahi izan dituzte euren asmoak. Biak ala biak, pilota ahalik eta gehien atzeratzen eta baztertzen saiatu dira, euren aurrelariek izan zezaketen aukeraren bila. Hala ere, indarrez jo beharrak, ondorioak ekarri dizkie, eta seigarren tantorako, hiru galdutako zituen Zabaletak. Baina, etxarrendarra ez da hasiera traketsa eman dion pilotari bakarra izan, lehen zazpi tantoetan Altunarena baitzen egindako tanto bakarra.

Partida, hirugarren berdinketarekin (5-5) batera hasi da aldatzen. Hamargarren tantoa Ezkurdiak zabalean dotore egindakoa izan da. Bestalde, hurrengo 6 tantoak, gorriek egindakoak izan dira (11-5). horietako hiru, gainera, Amezketako aurrelariak egin ditu, zein baino zein ederragoak. Bat, ezkerrez txokotik zabalera jotakoa, eta beste bi, segidan egin dituenak, txokoan dotore utzitakoak. Gauzak horrela, lehen atsedenaldira heltzerako markagailuan bikoizten zituzten urdinak (12-6).

Bigarren zatian, baina, gauzak ez dira batere aldatu, eta are gehiago asmatzen nahiz huts gutxiago egiten jarraitu dute gorriek. Zabaletak ez ditu tanto gehiago galdu, eta Ezkurdiak eta Rezustak ezin zuten Jokinen jokoa geratu. Ondorioz, bigarren atsedenaldira, hamar tantoko aldearekin heldu dira (18-8).

Halako batean, aspaldian gertatu gabeko bi gauza pasa dira. Bere bigarren tantoa egin du Ezkurdiak, eta hasieran galdutako hiru tantoen zerrendara, berriz, beste bat gehitu dio Jose Javierrek (18-10). Bazirudien urdinen erreakzio txiki bat izango zela, baina hurrengo tantoan gorriek defentsan egindako lan ikaragarriari esker, hemeretzigarrena lortu dute. Ederrak izan dira Altunak tanto horretan eramandako pilotak. Partidak aurrera jarraitu du amaierara bitarte, tanto guztietako itxura berdinarekin (21-12).

Azkenean, Ezkurdiak, espero zitekeena baino gutxiago egin du, eta aurrelari amezketarraren gerizpean aritu da. Partidari amaiera eman dion tantoa ere dotorea izan da: Altunaren hormabikoa (22-13). Jokinek "oso gustura" amaitu duela aitortu du. "Hasieran kosta egin zaigu, baina azkenean asmatzea lortu dugu eta oso pozik nago". Duela bi urte ere Zabaletarekin irabazi zuen, eta iaz Merino II.arekin. Beraz, aurtengoarekin, hiru aldiz segidan irabazi du Arabako hiriburuko txapelketa.

Txapelketako pilotari onenaren saria, Ogeta memoriala ere, amezketarrak eskuratu ahal izan du.

Partidako estatistikak:

Emaitza: 22-13

Egindakoak: Altunak 11, Zabaletak 1, Ezkurdiak 3 eta Rezustak 2.

Galdutakoak: Altunak 3, Zabaletak 5, Ezkurdiak 7 eta Rezustak 3.

Pilotakadak: 480

Iraupena: 53 minutu eta 41 segundo.

Garaipen honi esker, Altuna III.ak, Codere sailkapenaren gorenean jarraitzen du, geroz eta alde handiagoarekin.

Codere sailkapena:

1. Altuna III: 3680 puntu.

2. Rezusta: 2510 puntu.

3. Ezkurdia: 2490 puntu.

4. Olaizola II: 2320 puntu.

5. Elezkano II: 2015 puntu.

6. Bengoetxea VI: 1890 puntu.

7. Zabaleta: 1760 puntu.

8. Urrutikoetxea: 1670 puntu.

9. Albisu: 1210 puntu.

10. Victor: 1140 puntu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!