Iker Karrera bigarren, Asturiasen

Ataria 2018ko uztailaren 28a

Amezketarra bigarren izan da Pola de Somiedoko helmugan, Ultra Trail EDP DesafiOSOmiedo mendi lasterketan. Karrera, Juanjo Somohanorengandik minutu eskasera heldu da helmugara.

Aurtengo edizioan, 365 korrikalarik hartu dute parte. Goizeko 7:00etan irten dira lasterkariak, eta aurretik, 82 kilometroko ibilbidea zuten, 9.450 metrotako desnibel positiboarekin. Harrizko bideak, asfaltozkoak eta basoko zatiak uztartzen zituen Asturiasko proba honek. Karrerari, ordea, berdin dio bata edo bestea. Proba hasi eta berehala, Juanjo Somohanorekin batera buruan jarri da, lasterkari ugariz osatutako tropeltxo batek jarraitzen zietelarik. Lehen biek, tinko eutsi diote aldeari, nahiz eta azken kilometroetan, asturiarrak erritmoa bizkortu, eta amezketarra atzean uztea lortu duen.
 
Horrela, Somohanok, 9 ordu, 8 minutu eta 32 segundo behar izan ditu lasterketa osatzeko. Karrera, berriz, minutu bat eta bost segundoko aldearekin helmugaratu da (9'09"37'''). Hirugarren Juan Perez Torreglosa izan da, Karrerarengandik 9 minutu eta 9 segundora. Emakumezkoetan, bestalde, Azara Garcia de Los Salmonesek (errekorra hautsiz), Gemma Arenasek eta Uxue Frailek osatu dute podiuma.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!