Omenaldia herriko semeari

Tolosaldeko Ataria 2018ko uzt. 28a, 11:06

Larrunarri pilotalekua eraberritu dutela aitzaki hartuta, atzo gauean, herritarrek omenaldia egin zioten Jokin Altuna pilotariari. Amezketako Udalak antolatutako berrinaugurazio ekitaldian, jaialdia ere ospatu zen.

Badira pilotari batzuk (horien artean, Altuna III), egun arrunt batean, jokoan sartu eta distira egitea erraz lortzen dutenak. Baina, egia izango da, omenaldi egunetan zailagoa izaten dela guztia ondo ateratzea. Atzokoan, gainera, herritarren aurrean onena eman nahi izan zuen, baina aurkarien kolpeak eta azken egunetan jokatutako partida gogorren ondorioz pilatutako nekeak bat egin zuten atzo.

Berak ere aitortu zuen, partida hasi aurretik: "Partida baino, omenaldiagatik nago urduri". Eta ez zen gutxiagorako izan. Opariak bata bestearen atzetik jaso zituen Altunak, ia-ia, eskerrak eman eta txaloz jasotzeko betarik ere izan ez zuela.

Lehena, Iñaki Amundarain alkateak, emandako txapela, Amezketako herritar guztien izenean. Ondoren, kuadrillako bi lagunek ere beste bat eman zioten. Lehendik, gutxi ez bazituen ere, atzo beste bi. Behar-zana jatetxeko sukaldariek eskainitako opariaren txanda heldu zen gero: Altuna III izena zeraman aurremantal gorri bat. Bestetik, Ogi-Berri enpresak, bera irudikatzen zuen panpin moduko bat eman zion. Amezketan egonda, eta pilotaria izanik, Zazpi-iturri pilota eskolako Xalton Zabala arduradunaren eskutik ere jaso zuen oroigarri bat. Azkenik, eskuz tailatutako pilotak gordetzeko egurrezko kaxa bat ere oparitu zioten herriko semeari.

Opari guztiez gain, Anjel Mari Peñagarikanok, Altunaren zale amorratu eta lagunak, pilotariari bertso batzuk kantatzeko ohorea izan zuen. Ondoren, Altunak, bere izenarekin ezarri duten plaka bistaratu zien bertaratu zirenei. Hain justu, Joxean Tolosaren izena daraman plakaren azpian kokatu dute. Kasualitate hutsez betetakoa da bi pilotariek Larrunarrirekin duten harremana. Izan ere, Tolosak, 1989an lortu zuen buruz buruko txapela, eta urte horretan izan zen frontoiaren inaugurazioa. Orain, berriz, Altuna III.ak txapela irabaz ostean, berrinaugurazio ekitaldia egin dute, jaialdi eder batekin.

Kolpe handia

Atzoko gauak, ordea, zapore gazi-gozoa utzi zion, jipoi galanta hartu baitzuen, Martijarekin batera, Irribarria eta Rezustaren aurka jokatutako partidan (22-9). Rezusta izan zen laukotean onena. Bergararrak joko maila onean dagoela erakutsi zuen, Martijari behin eta berriz bizkarra erakutsiz. Aurrean, berriz, Irribarriak Altunak baino gehiago asmatu zuen. Amezketarrak, azkenean, 4 tanto egin eta 5 pilota galdu zituen.

Partida gogorra zango zela zirudien hasieran. Gorriak, gainera, hobeto hasi ziren (7-5). Hortik aurrera, baina, urdinen nagusitasuna erabatekoa izan zen. 7nako berdinketaren ostean, 9-16 jarri ziren, eta hortik zuzenean joan ziren 22raino. Altunak, gainera, partida amaiera aldera, aldageletarako bidea hartu zuen, baina ez zen ezer larria izan. Ezker besoan molestia txiki bat sentitu zuen, eta berak aitortu bezala, prebentzioz jokatu behar izan zuen, eta ezin izan zion Martijari pilota zailak kentzen lagundu. "Pena da horren omenaldi polita egin eta gero horrelako partida jokatzea, baina gaurkoan ezinezkoa izan da; gu geu ere pertsonak gara", aipatu zuen.

Tolosa onena

Lehenago, Aspek antolatutako jaialdian, beste partida bat jokatu zuten, Mendizabal III.ak eta Martinezek, Elordi eta Tolosaren aurka. Partidak bi zati izan zituen, batez ere, aurrelariei dagokionez. Lehenengoan, Elordi erabat nagusitu zitzaion antzuolarrari, eta bigarrenean Mendizabalek asmatu zuen gehiago, baina ez zen nahikoa izan partida irabazteko.

Izan ere, Xabier Tolosa anoetarra izan zen partidako pilotaririk onena. 4 tanto egin zituen, eta bi besterik ez zituen galdu. Azkenean, 22-16 gailendu ziren urdinak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!