Amezketako Udalak web orria berritu du, tramiteak errazteko

Ataria 2018ko uzt. 26a, 07:31

Udalak amezketa.eus helbidea duen udal web orria berritu du. Udaletik esan dutenez, «itxuraldaketa egiteko beharra zuen aurrekoak, informazio irisgarriagoa eta garbiagoa izateko egungo joerarekin bat».

www.amezketa.eus Hori da Amezketako Udalaren webgune berriaren lotura. Informazio zabalagoa eskaintzeaz gain, herritarrek izapideak on line egiteko aukera handiagoa izango dute.

Erraz erabiltzeko moduan, zortzi ataletan banatuta jarri dute orria. Lehen atalean udalaren informazioa eskaintzen du, besteak beste, udal antolamendua, udalbatzako aktak, udal araudia, urte bakoitzeko udal aurrekontuen informazioa, edota herriko telefono eta helbide garrantzitsuak.

Herriko zerbitzuak azaltzen dituen atalak berriz liburutegia, gizarte zerbitzuak, haur eskola, Bake Epaitegia eta Erregistro Zibila, eskualdeko autobusaren ordutegiak… jasotzen ditu. Zerbitzu bakoitzari dagokion eremuetan hainbat txosten eta web esteka interesgarri aurki daitezke, arlo desberdinetakoak.

Tramiteak egiteko aukerak jasotzen ditu beste atal batek: udal zerbitzu telematikoak, zergen ordainketan on line egiteko aukera, kexak eta iradokizunak Udalari helarazteko aukera, kontratatzailearen profila, B@kQ sinadura elektronikoari buruzko informazioa…

Garrantzitsua da sinadura elektronikoen azken arlo hau B@kQ-rekin, euskal administrazioetako hainbat zerbitzutan on line kontsultak eta izapideak egin ahal izango direlako norberaren ordenagailu edo mugikorretik, adibidez: Udal izapide elektronikoak, errolda edo elkarbizitza ziurtagiriak eskuratu, ordainagiriak eskuratu, Gipuzkoako Foru Aldundiko zergak egin eta kudeatu (PFEZ, BEZ…), Osakidetzako karpeta pertsonala ikusi…. B@kQ eskuratzeko amezketarrek udaletxera joan beharko dute.

Hurrengo atalak Amezketako hirigintza arauak jasotzen ditu, bai gaur egun indarrean dauden 2016ko Arau Subsidiarioak, baita Amezketako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorreko prozesuaren pausoak ere. Eraikuntzen Ikuskaritza Teknikoari buruzko informazioa ere ikusi ahal izango da bertan.

Artxibo historikoarena da webgune berriaren atal interesgarrienetako bat, Amezketako Udalak gordeta dituen dokumentu historikoen bilatzailea jarri baitute guztien eskura, eta baita Amezketari buruz beste herrietako zenbait artxibo historikoetan aurki daitezkeen dokumentuen erreferentziak ere.

Amezketari buruzko informazio gehigarria ere bildu dute webgunean, kanpotik datozenentzat informazioa bilduz: herriko ondarea, ostatu eta jatetxeak, Fernando Amezketarrari buruzko informazioa, herriko ospakizunen argazkiak...

Webgunea euskaraz eta gazteleraz dago, baina udalak hainbat dokumentu euskara hutsean ekoizten dituenez (aktak, zenbait memoria eta txosten…) horiek euskara hutsean ikusi ahal izango dira soilik. Alderantziz ere bai, beste zenbait txosten edo memoria gaztelera hutsean datozkiolako udalari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!