Herri euskalduna izaten jarraitzeko

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 15a, 09:00
Uemak eta Galtzaundik euskararen erabileraren kale neurketaren berri eman dute Amezketan. I. ARTOLA

Amezketako Euskararen Plan Estrategikoan hainbat lehentasun zehaztu dituzte, besteak beste, euskalgintzaren inguruko talde aktiboa sortzea.

Amezketako Euskararen Plan Estrategikoa onartu du udalbatzak, aurtengo urteari eta datorrenari begira. Uematik egin dute planaren diseinua, eta hainbat lehentasun zehaztu dira bertan. Horietako bat udalaren euskalduntzean jarraitzea da. Beste lan ildoetako bat, Euskaraldiarekin lotuta, euskalgintzaren inguruko talde aktiboa sortzea da.

Uemako hizkuntz normalizatzailea den Imanol Harok azaldu duenez, «Uemak planteatzen duena da herritar talde bat osatzea eta horrek ematea forma planteatzen diren euskararen normalizazioaren hausnarketa eta ekintzei, Galtzaundirekin elkarlanean». Epe jakin baterako baino, herriz herri egitura egonkorrak sortzea hobesten du Uemak, «gutxienez Tolosaldeko azpieskualdeetan».

Beste lehentasunetako bat «eskolarekin harreman iraunkor bat» izatea da. Bide horretatik asmoa da «eskolan bertan haurrek barneratzea zer den herri euskaldun batean bizitzea, zer ezberdintasun dauden herri euskaldun batetik herri ez hain euskaldun batzuetara, eta horren balioa aintzat hartzea. Hau da, bere inguruko errealitatea irakurtzeko gako soziolinguistiko batzuk ematea», esan du Harok.

Planean zehaztu den beste puntu «oso garrantzitsua» Amezketako Udalak euskalduntzean egin duen ahaleginarekin jarraitzea da. «Euskara ez dakitenek edo oso gutxi dakitenek, Amezketan urteak joan urteak etorri aukera dute euskara ikasteko. Ez dute beste herri batera joan beharrik. Udalak inbertsio handi bat egin du, eta ikusten da zenbateko garrantzia ematen dion herritarrak euskalduntzeari», azaldu du Uemako teknikariak.

Beste zenbait esparru ere lantzen ari direla azaldu du Harok, eta hirigintza aipatu du. «Hirigintza plan baten barruan zenbat etxebizitza berri egingo diren izan ohi da gaietako bat. Etxebizitza horietara bizitzera joaten direnak euskaldunak edo erdaldunak diren, ikaragarrizko eragina izan dezake herri txiki bateko euskararen normalizazioan», zehaztu du Harok. Hori horrela, egun Amezketan lantzen ari diren plan orokorrean hizkuntzarekin eta kulturarekin lotutako irizpide batzuk txertatzea nabarmendu du.

Bestalde, uda aurretik lanketa bat egin nahi dute herriko taberna eta dendekin. Leku horietan euskararen erabilera aztertuko dute, eta Uematik bere baliabideak eskainiko zaizkie menuak edota kartelak euskaratzeko.

Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzerakoan gogora ekarri du Harok Uemaren sorrera: «1991n sortu zen eta herri txikiak ziren lehen partaideak, Amezketa baino txikiagoak, herri oso euskaldunak, eta garai hartan egin zen irakurketa izan zen euskaldundu behar genuen eremu nagusia administrazioa zela. Orain 30 urte Amezketako Udalak gaztelera hutsez funtzionatzen zuen». Gaur egun udalak «dezenteko euskalduntze maila» lortu duela dio, «eta egun udaleko langileak erdaldunak izatea pentsaezina izango litzateke». Baina seguruak ematen zituzten beste eremu batzuk dagoeneko ez direla hain euskaldunak ikusi dute, eta lagunartea, gazteak, eskola, kuadrilla... aipatu ditu.

Beraz, planaren lehentasunetan zehaztu den moduan, jarraituko dute administrazioa euskalduntzen, baina «herrian erdara sartzen ari den eremu horretan eragin nahi dugu Amezketak herri euskalduna izaten jarraitzeko. Eta horiek dira hain zuzen plan estrategikoan txertatu ditugun lehentasunak».

Orain 20 urte baino erdaldun gehiago

Tolosaldean hamabost udalerri daude Ueman eta herri bakoitzak bere plan estrategikoa duela nabarmendu du Harok. «Hor jasota daude herriari begira egiten ditugun egitasmo eta ekintza guztiak. Horren atzean badago Uemak egiten duen irakurketa bat, baina badago ere Uemak herriz herri landu duen txosten bat, hau da, diagnostikoa. Horren bidez, herriz herri euskararen egoeran zerk eragiten duen galderari erantzun nahi zaio».

Diagnostikoan batetik datu soziolinguistikoak daude, eta horiek esaten dute oro har Amezketa herri euskalduna dela, eta pairatu dituen egoerak direla herri euskaldun bati dagozkionak. «Herri bat euskalduna da kaleko hizkuntza euskara bada, euskaldunen portzentajea oso altua bada...», azaldu du Harok. «Amezketan gertatu da beste herri euskaldunetan bezala, hau da, pixkana gero eta erdaldun gehiago dagoela, eta prozesu hori bizkortu dela 2001etik 2011 arteko tartean» Horretan zerikusia izan du 2008 arte bizitako egoera ekonomikoak. «Orain erdaldun gehiago dago Amezketan orain dela 20 eta 30 urte baino. Horrek ere eragina du kalean euskara erabiltzerakoan».

2016ko datuek diote euskararen ezagutza %93,6koa dela. «Esan daiteke 10etik 9 biztanle euskaldunak direla Amezketan». Beste datu batzuei begiratuz, Amezketan bizi direnen %86arentzat euskara lehen hizkuntza da, «eta portzentaje altua da», esan du Harok. «Aldiz, galera dago etxeko hizkuntzan. Etxeen %81ean egiten da euskaraz. Horrek esan nahi du bost etxetik batean erdara dela hizkuntza. Hor badago, beraz, lanketa bat egiteko beharra».

Galtzaundi Euskara Taldearekin elkarlanean, Tolosaldeko kaleetan herriz herri zenbat euskara hitz egiten zen jaso zen. «Amezketan jasotako erradiografia herri euskaldun batena da: adin tarte guztietan euskara berdin erabiltzen dutela. Herri euskaldunetan normalean ez dago alderik adin tarteen artean», azaldu du Harok.

Datuei begiratzean, herri baten bilakaera demografikoa kontuan izan behar dela esan du Harok. «Amezketan 1960an 1.500 biztanletik gora zeuden, eta orain mila biztanlera ez dira iristen. Hor hustutze bat dago, eta hori da Tolosaldeko herri txikiek pairatzen duten beste arriskua».

Administrazioari dagokionez, bi esparru zehazten ditu Harok. Batetik udalaren beraren funtzionamendua eta ia euskara hutsez aritzen dela dio, «sekulako aurrerapausoa» eman dela gaineratuz. «Beste esparrua da Amezketako Udalak eragitea herriko beste zerbitzuetan, hau da, herrian dagoen medikuak eta erizainak zerbitzua euskaraz ematea, bertara joaten diren ertzainek ere euskaraz jakitea... Hor ari gara lanean, baina atzera eta aurrera gabiltza, eta ez da hain erraza».

Esparru horretan zalantzak ditu Harok «hor atzean dauden gabeziak estrukturalak diren edo aitzakiak diren» zehazteko. «Herri batzuetarako, batez ere oporraldietan, ez dituzte mediku euskaldunak jartzen, eta hori Tolosaldean gertatu da. Ez daudela nahikoa mediku euskaldun esaten da, baina ez dakigu hori egia edo gezurra den. Irakurketa zein da? Akuilu lanak egiten jarraitu behar dugula osasungintza euskalduntzeko».

Administrazioan ere erakundeen arteko harremanak kontuan hartu behar direla dio Uemako teknikariak: «Udalarekin dituen harreman administratiboetan, aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari euskara erabil dezatela eskatzen zaio. Esan daiteke aldundiak asko aurreratu duela, baina Eusko Jaurlaritzak ez hainbeste».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!