Hirugarren sailkatu da Iker Karrera Euskal Herria Mendi Erronkan

Ataria 2018ko ekainaren 5a

Salomon taldeko amezketarrak zazpi ordu pasatxoan egin zituen ibilbideko 67 kilometroak; irabazleak baino sei minutu eta erdi gehiago behar izan zituen.

Lasterketa gogorra da Euskal Herria Mendi Erronka. 67 kilometroko ibilbidea da, eta 7.200 metroko malda du. Leitzan hasi eta bukatzen da proba, Araitz-Betelu, Laraun eta Lekunberritik igaroz.

Aurtengo edizioaren irabazlea Raul Macarro bilbotarra izan da, eta ia zazpi ordu behar izan zituen helmugara iristeko: 06:59:52,18ko denbora egin zuen amaieran. Igor Amantegi Altuna andoaindarrak lortu zuen bigarren postua, minutu eta erdira helmugaratuta. Amantegi zegoen lasterketa buruan Lekunberrin, baina azken mendatea igo aurretik aurre hartu zion Macarrok.

Iker Karrera amezketarrak osatu zuen podiuma. 07:06:13,78ko denbora egin zuen amezketarrak, txapeldunak baino sei minutu eta erdi gehiago. Karrerak bigarren postuan pasa zuen lehen kontrola, Gaintzan, eta ondorengo guztietan laugarren lekuan pasa zen. Ireberreko kontroletik helmugara zegoen tartean lortu zuen hirugarren lekuan jartzea, eta horrela amaitu zuen lasterketa. Laugarren, hain zuzen, Ugaitz Artola Usandizaga tolosarra izan zen, 07:10:20,21ko denbora eginda.

Izaskun Zubizarreta oiartzuarra izan zen lehen emakumea, 08:32:38,95ko denbora eginda. Uxoa Irigoien getariarrak lau minutu gehiago behar izan zituen, eta hirugarren Silvia Trigueros bizkaitarra izan zen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!