Bilerarekin «pozik» daude

Imanol Garcia Landa 2018ko eka. 1a, 12:00
Iñaki Amundarain Amezketako alkateak txostena eman zion aldundiako ordezkariari.

Ur saneamendua eta bidegorria egiteko eskariaren aurrean, aldundiaren ordezkariaren jarrerarekin «gustura» daude herritarrek osatutako plataformako kideak.

Gipuzkoako Foru Aldundia bilerak antolatzen ari da bailaraz bailara, bere aurrekontuetan herritarrek dituzten lehentasunak jasotzeko asmoz. Amezketan egin berri da bilera horietako bat, eta bertan ur saneamenduaren eta bidegorriaren aldeko plataformako kideek, Amezketako Udalarekin batera, aldundiaren ordezkariari bi proiektu horien beharra adierazi zioten. Antton Amondarain plataformako kideak azaldu duenez, «pozik» daude aldundiaren ordezkariak azaldutako jarrerarekin: «Konpromisoa hartu zuen gure eskariak Markel Olano ahaldun nagusiari zuzenean eramango zizkiola».

Amondarainek azaldu duenez, bilera horretara herritar ugari joan zirela-eta, plataformatik «erreparoa» zuten aldundiko ordezkariak nola hartuko zuen. «Baina egia esan oso gustura hartu gintuen, esanez gainera horrelako partaidetza beti dela interesgarria».

Bilera horretan, Iñaki Amundarian alkateak udalak osatu duen txosten tekniko bat eskura eman zion aldundiaren ordezkariari. Horren ondoren, plataformakoek hitza hartu zuten eta ordezkariari azaldu zioten Olanori zuzenean eskura eman zioten gutunean esandako gauza bera, Amondarainek esan duenez: «Ez dugula kiroldegi izugarri bat eskatzen, gauza orokor batzuk eskatzen ari garela, hau da, ur saneamendua». Amondarainek gaineratu duenez, «kuriosoa» izan zen ordezkaria harritu egin zela, «Amezketan oraindik ur zikinak errekara zuzenean botatzen direla jakitean. Horrek erakusten du eskatzen ari garena oinarrizkoa dela». Era berean, karpeta batean, ur saneamendua eta bidegorria eskatuz plataformak herrian jaso dituen 515 sinadurak eman zizkioten. «Horrek erakusten du ur saneamenduaren proiektua, eta horren gainean bidegorriaren proiektua egitea, herriak beharrezkotzat dituela», zehaztu du Amondarainek.

«Gustura» geratu ziren Amezketako bilerak emandakoarekin. Orain zain daude Markel Olano ahaldun nagusiarekin bilera egiteko. «Egungo ahaldun nagusia izateaz gain, orain hamar urte ere, proiektu horiek gauzatzekotan egon zirenean, bera zen ahaldun nagusi, eta horregatik egin nahi dugu bilera berarekin», esan du Amondarainek. Bestalde, proiektu horiei dagozkien departamenduak PSE-EEren esku daudela gogora ekarri du Amondarainek, eta bertako diputatuak diren Marisol Garmendia eta Jose Ignacio Asensio ere bilera horretan egotea espero dute plataformatik.

Plataformako kideek jasotako sinadurak eman zizkioten aldundiaren ordezkariari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!