Pello Zabala, ohorezko euskaltzain

Ataria 2018ko mai. 14a, 14:29

Euskaltzaindiak apirilean Bilbon egindako azken osoko Bilkuran 16 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen, eta horiek zeintzuk diren jakinarazi berri dute. Bost emakumezko eta hamaika gizonezko dira, tartean Pello Zabala amezketarra.

Ohorezko euskaltzainak dira euskararen arloren batean nabarmendu eta ezagutza ematearren izendatutako pertsonak. Eskubidea dute Euskaltzaindiak akademia gaiak aztertzeko egiten dituen bileretan parte hartzeko, baina botorik gabe. Juan Garmendia Larrañaga zena ohorezko euskaltzaina izan zen 2002tik hil arte. 

Pello Zabala, 1943an jaio zen, Amezketan. Arantzazun bizi da umetatik, hasieran ikasle gisa ibili baitzen bertan, eta gero fraide frantziskotar moduan. Idazlea, irrati aurkezlea, musikazalea eta meteorologoa da.

Horrez gain, Tolosaldean ere badira hainbat euskaltzain urgazle: Juan Kruz Igerabide, Inaki Irazabalbeitia, Joxemari Iturralde, Xabier Artola Zubillaga eta Xalbador Garmendia. Euskararen arloren batean nabarmendu eta Euskaltzaindiak bere lanean lagun diezaion izendatutako pertsonak dira.

Egun, eskualdeko euskaltzain oso bakarra Bernardo Atxaga asteasuarra da 2006an hartu zuen Juan Mari Lekuona zenaren 8. aulkia. Bere garaian Antonio Maria Labaien tolosarrak okupatu zuen 21. aulkia, 1995ean Patxi Goenagak hartu zuena. Lehenago, 1957tik 1963ra, 2. aulkia izan zuen Nikolas Ormaetxea Orixe-k eta 22. aulkia, berriz, hutsik dago 2009az geroztik, Antonio Zavala zenaren ondorengoa izendatu gabe baitago.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!