Gustuko pilotak hautatu dituzte Altunak eta Ezkurdiak

Ataria 2018ko maiatzaren 10a

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak eguerdian egin dute pilota aukeraketa. Pilota biziak baztertu egin dituzte eta gustura geratu dira buruz buruko finalerdirako aukeraketarekin.

Igandean jokatuko dute Altunak eta Ezkurdiak finalerdietako partida, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Gaur egin dute pilota aukeraketa, eta bertan bi pilotariek onartu dute ez zela euren helburuetan sartzen bertan izatea, eta horregatik ez dutela presiorik sentitzen.

Ez dago faborito nagusirik igandeko lehiari begira. Apustuak ere parean irtengo dira. Altunak, ordea, Ezkurdia faboritoa dela uste du, «eskarmentu gehiago duelako».

Aukeraketarekin gustura geratu dira amezketarra eta arbizuarra. Ezkurdiak «pilota indartsuak» aukeratu ditu, luze jokatzekoak. Altunak ere gustuko pilotak aurkitu ditu, baina beldur zen aurkariak aukeratuko zituenarekin —berak aukeratu du lehenbizi—. «Hasieran, saskian, bi pilota oso bizi zeuden, baina Ezkurdiak baztertu egin ditu. Horrek lasaitu egin nau».

Oraindik sarrera asko gelditzen dira salgai igandeko neurketarako. Irabazleak buruz buruko lehen finala izango luke, eta Danel Elezkano edo Aimar Olaizolaren aurka neurtuko lituzke indarrak, Bilboko pilotalekuan bertan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!