Bidegorria eta ur saneamendua, amezketarren «presazko nahia»

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 9a, 09:00

Amezketan bidegorriaren eta ur saneamenduaren aldeko plataforma eratu dute, aldundiak proiektuak berriro kontuan hartu eta gauzatu ditzan eskatzeko.

Amezketako ur zikinak bideratzeko proiektua eta herrigunetik Ugarte auzora bidegorria egiteko proiektua orain hamar urte inguru idatzi zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Krisi ekonomikoa zela-eta bertan behera geratu zen proiektu horien gauzatzea, eta orain, ikusita aukerak daudela, berriro ere proiektu horiek aldundiaren mahai gainean jarri eta bideratzeko, bidegorriaren eta ur saneamenduaren aldeko plataforma sortu dute herrian.

«Orain hamar urte beharrezkoak ziren proiektu horiek; gaur egun, are eta beharrezkoagoak dira», esan du Antton Amondarain plataformako kideak. «Beraz, proiektu horiek gauzatzeko udalak aldundiari egiten dion eskaeran esku bat botatzeko asmoz sortu dugu plataforma». Gai horien inguruan herrian «sentsibilitatea barru-barruraino sartuta» dagoela diote plataformako kideek: «Presazko nahia da herritarrontzat proiektu horiek gauzatzea».

Proiektu horien premia azaltzeko, Amondarainek gogora ekarri du Amezketak ez duela «oinez ibiltzeko eremu bat laua eta arrisku gabea denik. Lau samarra dena herrigunetik Ugarte auzoraino doana da, baina errepidez egin behar da, eta bertan dagoen trafikoa izugarria da, eta oinezkoentzako arrisku bizikoa, bide bazterrik ez duelako». Hain justu, aurreko astean trafiko neurketak egin zituzten errepidean. Egun batean, 11:00etatik 12:00etara, 104 auto, 24 kamioi, 16 furgoneta eta 53 txirrindulari kontatu zituzten. «Horrek erakusten du arriskua nabaria eta objektiboa dela», esan du Kepa Errezil plataformako kideak.

Ur saneamenduaren proiektuari dagokionez, egun ez dira bereizten ur zikinak eta garbiak, azken urteetako eraikinetan izan ezik, eta, beraz, errekara isurtzen dira gehienak. «Alde horretatik premia ere oso nabaria da», esan dute plataformatik. «Ur zikinak jasotzeko hoditeria jartzea eskatzen dugu, horiek Alegiaraino bideratu eta han eskualdeko azpiegiturarekin lotzeko. Horrekin erreka biziberritu nahi dugu».

Proiektuak gauzatuz gero, Ugarteko auzokideentzat beste onura batzuk ere ekarri ditzake. Izan ere, obrak baliatuko lirateke auzoan ura presio egokiarekin izateko eta gasa bertaraino eramateko.

SINADURA BILKETA

Plataformako kidea den Jexux Iñurrita orain hamar urte Amezketako alkatea zen, eta gogora ekarri du nola hasi ziren aldundiarekin garai hartan proiektuak bideratzen. «Batetik, Abaltzisketako ur zikinak Amezketa aldera bideratu zituzten», esan du Iñurritak. «Amezketan ur zikinak errekara botatzen genituen. Hori horrela, zerbait egin beharra zegoela ikusten zen eta kontaktuan jarri ginen Ur Kontsortzioarekin eta aldundiarekin, ur zikinak Alegiaraino eramango zituen azpiegitura egiteko».

Obra hori egitearekin batera, hoditeriaren gainean bidegorria egitearena hitz egin zen, behintzat Ugarteraino. «Herrian ere galdetu zen bilerak eginez, eta gehiengoa alde zegoen. Aldunditik-eta egin zuten ikerketa, eta desjabetze prozesua martxan jartzekotan ziren. Baina, azkenean, krisia etorri zen eta bertan behera geratu zen».

Aldundia 2018-2022 bitarteko plangintza egiten ari dela jakin ondoren sortu dute herritarren plataforma. «Gure proiektuak ere hitzarmen horretan sartzea lortu behar dugu», azaldu dute plataformatik. «Gainera, ez dugu zerbait berria eskatzen, aurretik dauden proiektuak berreskuratzea baizik».

Aldundiari erakusteko proiektu horiek herritarren babesa dutela, sinadura bilketa jarri dute abian. Horretarako erabili dute aldundiak 2019ko aurrekontuei begira herritarren proposamenak jasotzeko banatu duen orria. «Orrian proiektu horiek txertatu ditugu eta gero kopiak egin eta banatu ditugu», esan dute plataformatik. Aste hau da sinadurak biltzeko azkena eta plataformatik herritarrak animatu dituzte eskaera sinatzera. Tabernetan, dendetan eta udaletxean jasotzen dira sinadurak.

Jasotako sinadurak eta proiektuen inguruan egindako txostena aurkeztuko diete udalak eta plataformako kideek aldundiko ordezkariei. Hauek, hain justu, maiatzaren 16an bilera izango dute Amezketako Udalarekin, eta hori aprobetxatuko dute eskaria egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!