Estreinaldi itzela

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 3a, 17:45

Zumadi eskolako 5. eta 6. mailako ikasleek 'Ipintzatik mundura' pelikula egin dute, eta kultur etxea Zinemaldiko Kursaal bihurtu dute estreinaldia egiteko. Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren bizitzari buruzko filma osatu dute.

Gala moduan antolatu dute ekitaldia kultur etxean, alfonbra gorriarekin, 'photocall' eta guzti, eta gala batera joateko moduan jantzi dira protagonistak. Gonbidatu bereziak ere izan dira, horien artean Joseba Usabiaga, Handia pelikulan Migel Joakinen anaiaren rola egiten duen aktore tolosarra. Mikel Fernandez Krutzaga amezketarra ere bertan izan da, Handia filmeko musikaren nahasketak egin dituena. Joxe Mari Barriola ere izan da bertan, inauterietan Altzoko Handiaz jantzi zeneko kapa utzi dielako ikasleei pelikularako.

Usabiagarentzat berezia izan da horrelako ekitaldi batera gonbidatu modura joatea: "Guk egindako pelikularen egokitzapen bat egin dute, oso ona, gazte batzuk ilusioarekin egina". Handia pelikularen grabaketa etorri zaio burura tarteka Usabiagari: "Egokitzapena da, baina eszena batzuk ia berdinak ziren, eta testu batzuk oso antzekoak, beraz, momentu horiek ere politak izan dira, zuk orain dela bi urte gauza bera beste haur eta gazte batzuk egin dutela ikustea". Gauza bera esaten duela beti dio Usabiagak, baina "egia" delako: "Sariak hor daude, baina azkenean sari handiena da jendeak pelikula ikustea, eta ikusi ondoren eskoletan-eta baloreak landuz hori erakustea. Nik uste dut Handia pelikulak utzi duen arrastoa hori izan dela, ondorengoei ere istorioa erakustea".

Alain Etxeberria eta Ander Ruiz ikasleak izan dira Migel Joakin Eleizegi antzeztu dutenak, eta estreinaldiarekin "urduri" zeudela azaldu dute. "Pelikula guk bakarrik ikusi genuen aurretik, eta gero esan zigutenean kultur etxean erakutsiko zela, urduri jarri ginen", esan du Etxeberriak. Ruizek gaineratu du Joseba Usabiaga bertan izango zela jakitean, "oraindik eta urduriago" jarri zirela. Agustin Amiano irakaslea izan da gidoigilea, eta ikasleak bezala, irakasleak ere urduri zeudela estreinaldirako esan du: "Txispa pixka bat bagenuen goizean goizetik, ordua noiz iritsiko zain".

Lan handia egin dute filma osatzeko, eta ikasleek azaldu dute lan gehiena irakasleek izan dutela, gidoia idazten, zuzentzen, grabatzen, produkzio lanak egiten eta abar. "Guk testuak ikasi eta listo", esan dute biek. Amianok gaineratu duenez, "sekula ez nuen horrelako lanik egin, eta ez nuen imajinatzen horrela izango zela. Antzerkiak-eta egin ditugu, baina hortik film bat grabatzera aldea sumatzen da. Paper batean egindako lana gero pelikula bihurtzea izugarrizko meritua ematen diot. Azkenean hari pila bat dira, eta norberak bere abilezia du. Batzuk idazteko eta besteak muntaia egiteko". Ikasleak "artistak" direla gaineratu du Amianok: "Txikitatik ohituta daude antzerkira, eta grabatzen ari ginenean irakasleek esaten zuten zer erraza zen beraiekin proiektu hau burutzea".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!