Jokin Altuna: "Eguna iristeko gogoz"

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 20a, 10:15

Amezketarrak Julen Retegiren aurka jokatuko du igandean, Eibarko Astelena pilotalekuan. Jaialdia 17:00etan hasiko da.

Final-zortzirenetan sartuko da Lehen Mailako Banakako Txapelketan Jokin Altuna (Amezketa, 1996).


Lehen partidari begira, nahiko entrenamendu egin al dituzu?
Entrenamendu aldetik ez dago aitzakiarik. Igandeko eguna iristeko gogoarekin nago.

Zein joko egingo duzu aurkaria Retegi Bi dela kontuan hartuta?
Partida oso zaila daukat. Banakako jokoan sekreturik ez dagoela uste dut; denak berdintsua egiten saiatzen gara. Sakea oso garrantzitsua da, eta gero, pilota aurrean harrapatzen baldin baduzu aprobetxatu egin behar da. Berak ere aginduko du tanto batzuetan, eta sufritzea tokatzen denean sufritu egin beharko da, urrutitik ondo defendatuz eta aukera denean tantoa bukatuz.

Victor edo Retegi Bi ziren aukerak. Azken hau tokatu zaizu.
Oso pilotari desberdinak baina gogorrak dira, oso arriskutsuak; Victor erasokorragoa eta Retegi zuzenagoa. Julen oso mano manista da, pilotakada guztiak gozatzen dituena. Berari irabaztea niretzat dezenteko koska igotzea izango litzateke.  

Artola vs. Elezkano II.a.
Iñaki faborito ikusten dut. Txapelketa ondo prestatu duela uste dut, eta horrez gain, ikaragarrizko baldintzak ditu buruz burukorako. Danel momentu arriskutsuan dago, baina bere partida eginez gero, Iñakiri aukera gehiago ikusten dizkiot.  

Jaka vs. Ezkurdia?
Ezkurdia da faboritoa, orain arte txapelketa honetan hobeto ibili delako. Txapela irabazita, gainera, frontoira beste konfiantza batekin joaten zara. Zaila dauka Erikek, baina maila oso onean dabil, txapelketa ona egiten, eta ez dauka ezer galtzeko. Partida oso ona egingo duenaren konfiantza daukat, eta horretan saiatu beharra dauka. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!