Bost urterako Euskararen Plan Estrategikoa onartu dute Amezketan

Imanol Garcia Landa 2018ko mar. 21a, 09:06
Galtzaundi Euskara Taldeak bultzatutako ‘Euskarak 365 egun!’ egitasmoan parte hartu zuten amezketarrek iazko Euskararen Egunaren harira.

Amezketako Udalak aurretik beste bi plan onartuta zituen; oraingoa 2018-2022 eperako da.

Amezketako Udalak 2018-2022 urteetarako Euskararen Plan Estrategikoa onartu berri du. Azken urteotan bi Euskararen Plan Estrategiko onartu ditu, lehena, 2011-2015 urteetarako, eta bigarrena, 2016-2017 urteetarako. Plan estrategiko horiek Amezketako Udalak euskararekiko hartzen dituen ekimenak sistematizatu eta planifikatzeko balio izan dute, hau da, ildo nagusiak finkatu, helburuak zehaztu eta ekintzak bideratzeko.

Amezketako Udalak, «bide honetatik jarraituz, eta euskara bultzatu eta zabaltzeko konpromisoarekin jarraituz» onartu du oraingo Euskararen Plan Estrategiko berria, 2018-2022 urteetarako dena. Plan estrategiko horrek 17 arlo desberdin jorratzen ditu, besteak beste, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, familia bidezko transmisioa edo euskalduntze eta alfabetatzea, eta guztira 56 ekintza zehatz proposatzen ditu.

Adibide gisa, udaletik aipatu dute ildo nagusietako bat herritarren euskalduntze eta alfabetatzea dela. Horren barruan bi ekintza hauek jasotzen dira: gelaz kanpoko egitasmoak sustatzea, erabilera eta praktika uztartuko dituztenak, eta etorkinak euskarara hurbiltzeko programak diseinatu eta garatzea. Beste ildo nagusietako bat udalaren euskararen erabilpenari dagokio. Arlo horretan ekintza zehatz batzuk jasotzen dira, besteak beste, administrazioan euskararen erabilera sustatu eta bermatzea, euskara ere lan hizkuntza izateko neurriak hartzea, eta langileen euskara gaitasuna etengabe hobetzeko neurriak hartzea.

Udalak gogora ekarri du Amezketa herri euskalduna dela eta eskualdean egindako azken neurketak horrela erakusten duela: %93,6koa da Amezketan euskararen ezagutza, eta %87,4koa kaleko erabilera. «Halere, euskararen normalizazioan lana dago oraindik, ezagutza eta erabilera hobetzea ez ezik, beharrezkoa baita oraindik ere euskararen kalitatea eta erabilpena hobetzea, adibidez, lan arloan edo kulturako zenbait arlotan hedatzea eta lantzea, gaztelerara jo beharrik gabe», azaldu dute udaletik.

GAUR, HITZALDIA

Euskaraz bizi a(ha)l gara? hitzaldia emango dute Galtzaundi Euskara Taldeko kideek, Uemako ordezkariekin batera, gaur, kultur etxean, 19:30ean. Euskarak Tolosaldean eta herrietan duen egoeraz hitz egingo dute.

Hitzaldian bertan, Hizkuntza Erabileraren Kale Neurketak eskualde mailan eta herriz herri emandako azken emaitzak azalduko dira, eta 2018an martxan jarriko den Euskaraldia egitasmoari buruzko xehetasunak ere aipatuko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!