Enirio-Aralar

Ez da aldatu Amezketako Udalaren ordezkaria Enirio-Aralar Mankomunitatean

Imanol Garcia Landa 2018ko martxoaren 1a

Amezketako udalbatzaren osoko bilkuraren une bat.

Gaur eguerdian egindako osoko bilkuran Enirio-Aralar Mankomunitaterako udal ordezkaria aldatzearen gaia bertan behera geratu da.

Amezketan ez ohiko osoko bilkura egin da gaur eguerdian eta bertako gai zerrendan zegoen gaietako bat Enirio-Aralar Mankomunitatean udalaren ordezkaria aldatzea zen. Hori jorratzeko unea iristean, gaia bertan behera geratu dela adierazi du Iñaki Amundarain (EH Bildu) alkateak. Julian Sagastume Amezketarrok Auzolanean taldeko zinegotziak galdetu dio gaia bertan behera geratzearen arrazoia, eta Amundarainek azaldu du ez dela azalpenik emango.

Ainhoa Zuriarrain (EH Bildu) da Amezketako Udalaren ordezkaria Enirio-Aralar Mankomunitatean, eta, beraz, zeregin horretan jarraituko du. Aurreko astean ez ohiko batzarra izan zuten Enirio-Aralar Mankomunitatean, Aranzadi Zientzia Elkarteak Aralarko pisten harira osatu duen txostenaren aurkezpena egin ala ez erabakitzeko. EH Bilduko ordezkariek aurkezpena egitearen alde bozkatu zuten, Amezketako ordezkariak izan ezik, Zuriarrainek aurka bozkatu baitzuen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!