ataria.eus

Zazpi Iturri Euskal Herriko txapelaren bila

  kirola  Amezketa

Pilota elkarteen arteko nazio txapelketaren finala igandean jokatuko da, Tolosako Beotibarren. 

Zazpi Iturri Euskal Herriko txapelaren bila
Peru Labaka zizurkildarrak finaleko azken partida jokatuko du, binakakoa, Aizpuru asteasuarra lagun dutela. ATARIA | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal Herriko Pilota Elkarteen Arteko IV. Nazio Txapelketaren finala igandean jokatuko da, 17:30ean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Irurtzun eta Amezketako pilota elkarteak ariko dira txapelaren lehian. Lau t'erdian, buruz buru kantxa osoan eta binaka neurtuko dituzte indarrak. Bi partida irabazten dituenak finala irabaziko du.

ZAZPI ITURRI PILOTA ELKARTEA

Amezketako Zazpi Iturri pilota eskola izen bereko elkartearekin batera 1975an sortu zen. Xalton Zabala, Iñaki Larreta eta Luis Lizarribar ibili ziren urteetan zehar pelota eskola aurrera ateratzeko lanetan. Egun, Zabalak bakarrik jarraitzen du. Momentuan 25 pelotari federatu dauzka eta beste 40 bat neska-mutil pilotan ikasten.

Urteetan zehar, bertako pilotariek Gipuzkoako Txapelketako maila guztietan atera dituzte txapelak, baita Euskadikoan ere. Horrez gain, herri arteko txapelketa bat, Berria-ko hiru, Gravn-eko tituluak eta Espainia edo Munduko txapelketakoak daude. Azken honetan hiru txapeldun ditu Zazpi Iturrik: Juan Antonio Artola, Eneko Galarza eta Erik Jaka.

Profesionaletara pasa diren pilotarien zerrenda ere oparoa da: Eneko Galarza, Haritz Saez de Nanclares, Aitzol Sukia, Ekaitz Saralegi, Aratz Mendizabal, Erik Jaka, Xabi Tolosa, Jokin Altuna, Iker Irribarria eta Xabier Erostarbe.

Igandean, zerrendara, beste lorpen bat gehitzeko aukera izango dute ondorengo pilotariek.

XABIER ZUBIRIA

Lau t'erdian ariko da 21 urteko berrobitarra, Zubiriaren aurka. Azken bi urteetan izugarrizko gorakada eman duen pilotaria da Zubiria. Klase handikoa, gantxoa eta parada txokoan maisuki menperatzen dituena. Bere gorakadaren adierazle 2017 Lizarrako Txapelketako txapela da, Euskadiko 4 t'erdiko txapelduna eta Gipuzkoako eskuz banakako txapelduna ere bada. Antiguoko txapelketako finala jokatu zuen eta baita Errioxako eta Zaldibarreko 4 t'erdiko finalak ere.

Modalidade guztiak oso ondo menperatzen ditu, baina agian 4 t'erdikoa da hobekien egokitzen zaiona; emaitza onenak ere bertan lortu ditu.

IORITZ EGIGUREN

20 urteko tolosarrak kantxa osoan jokatuko du banaka, Olanoren aurka. Urteetan beste pilotarien itzalean egon ondoren, azken bi urteetan distira lortu du bere jokoarengatik .

2017 urte oparoa izan zen Egigurenentzat: Antiguoko eta Doneztebeko txapelketetako txapelak jantzi zituen eta Zumaiako eta Soroa txapelketako finalak ere jokatu zituen. Bergarako 4 t'erdiko finalean ere sartu zen.

Oso pilotaria eta beso azkarrekoa da, pilota asko luzatzen du eta horregatik eskuz banaka frontoi osoan espezialista da.

PERU LABAKA

21 urteko zizurkildarra. Bikoteko aurrelaria. Parean Olazabal profesional ohia izango du. Azken hiru urteotan joko maila oso onean dagoen pilotaria. Urte hauetan txapelketa guztietan punta puntan egon da.

2016an Aizarnazabaleko eta Doneztebeko txapelak jantzi zituen. Biharko Izarrak, Diario Vasco eta Burlatako txapelketetan finalera iritsi zen.

2017an lau txapela jantzi zituen: Añorga, Alegia, Antiguoko eta Gravnikoak, azken honetan Gipuzkoa ordezkatuz. Bestalde, Soraluze, Bergara eta Lezoko txapelketetako finaletara iritsi zen.

Teknikoki oso pelotari ona eta tantoak erraz bukatzen dakiena.

JULEN AIZPURU

19 urteko asteasuarra bikoteko atzelaria da, Bergerari bizkarra erakusten saiatuko dena. Bere adinerako pilotarien artean erreferentea den atzelaria. Goruntz doa, batez ere heldutasunean.

2017an Bergara Hiriko Txapelketako txapela jantzi zuen eta Gravniko txapelduna ere izan zen Gipuzkoa ordezkatuz. Errenteria eta Irungo txapelketetako finalak ere jokatu zituen.

2018. urtea Elgoibarreko txapela jantziaz hasi du.

Pilotari segurua eta pilota luze astintzen duena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa