Egun horretan bi taldetan banatzen dira dantzariak eta horietako batek Bedaioko baserrietatik egiten du ibilbidea, eta besteak Amezketako baserriak bisitatzen ditu. Talde bakoitzak bere bidea hartu aurretik Zugaztibarrenan elkartzen dira.
«Iker semea falta denetik hona etortzen dira bi taldekoak eta niretzako poz handia izaten da, oroitzapen asko etortzen zaizkit», dio emozioz Goñik. Talai dantzari izan zen Ikerri eskainitako omenaldia bihurtzen da une hori. Bi aldiz egiten dute dantza, gosaldu aurretik eta ondoren. «Gosaldu ondoren hobeto egingo dutela diote, eta hala izaten da, bai», esan du Goñik.
Bi egunez aritzen dira talai dantzariak. Lehen igande eta astelehenetan izaten zen, eta orain pare bat urte asteleheneko jarduna larunbatera pasa zuten. Egun, beraz, larunbat goizeko hitzordua bilakatzen da Zugaztibarrenakoa. Larunbata izanik «freskoago» joaten direla esan du Goñik: «Lehen parranda gehiago eginda etortzen ziren. Gainera orain dantzari batzuk gaztetxoagoak direnez, batzuk parranda egiten hasi gabekoak ere izaten dira». Gustura hartu du Goñik egun aldaketa: «Niretzat hobeto da. Igandean Tolosara bazkaltzera joaten naiz, eta lanak aurreratzeko zailagoa izaten zen». Egun ez da mozorrotzen: «Gure parrandak ere bota ditugu, baina orain beste modu batera bizitzen ditugu inauteriak».
Talai dantzariei gosaria ematearenak zerikusia du parrandarekin. «Semeak joan behar izaten zuen bederatzietarako besteekin elkartzera, eta aurreko egunean parranda egiten zuenez, jaiki ezinik ibiltzen zen, eta askotan, bera jaiki baino lehen etortzen ziren lagunak hona», gogoan du Goñik. Kafea eta gailetak ematen zizkien. «Gero semeak ogitartekoa eskatzen zidan, eta azkenean pentsatu nuen zentzuzko gosari bat jartzea denentzako». Horrela, patata tortilla, txorixo frijitua eta txokolatea txurroekin ematen die talai dantzariei eguna hasteko. «Gustura hartzen dute gosaria, eta eskertzen dute. Lehen Tio Pepe ere eskaintzen nien, baina orain batzuk gaztetxoagoak etortzen dira eta...».
Goñi poztu egiten da ikusten duenean ohiturak jarraitu egiten duela eta gaztetxoak animatzen direla parte hartzera. «Gainera, lehen Bedaioko eta Amezketako gazteek ez zuten hainbeste lotura euren artean. Oraingoek lotura gehiago dute, Bedaioko haurrak eskolara Amezketara joaten baitira; gure etxekoak eskolara Amezketa joaten hasi ziren». Amezketarra da jaiotzez Goñi eta gogoan du talai dantzariak izaten zirela herrian, «nire osabaren garaian. Gero galduta egon zen eta Bedaion bizi nintzela hasi ziren berriro berreskuratzen». Orain 30-35 urte inguru egiten dute talai dantzariek ibilbidea Bedaioko baserrietatik, eta berreskuratu zenean «poz handia» hartu zuen Goñik. Bedaioko gazteak ere gogoz ikusten ditu ohiturarekin jarraitzeko.
Bedaioko baserrietan «gustura» hartzen dutela dio Goñik talai dantzarien ohitura, eta eskertzen dutela. «Orain eguna astelehenetik larunbatera pasa dela, baliteke jende gehiago izatea baserri eta etxeetan». Goiz guztia pasatzen dute ibilbidea egiten talai dantzariek. «Izaten da taldeko bat besteak pixka bat mugiarazten dituena, bestela, agian goiz osoa hemen pasako lukete», esan du Goñik barrez, eta talai dantzariei gogorarazi die ogia eramateko bere baserrira doazenean: «Ea gogoratzen diren, bestela ogi gabe jan beharko dute tortilla».
Parte hartzeko gonbita
Urtero moduan, talai dantzariek gonbita egin diote ohitura horretan parte hartu nahi duen guztiari. Entsegua egingo dute asteartean, otsailaren 6an, 20:00etan, Amezketako plazan, eta bertara azaltzeko deia egin dute.
EGITARAUA
OTSAILAK 10, LARUNBATA
08:00. Udaletxe azpian elkartu eta Bedaio eta Amezketako baserrietan ibiliko dira.
OTSAILAK 11, IGANDEA
08:00. Udaletxe azpian elkartu, eta Ugarte, Amezketako kaleak eta Zubillaga auzotik pasako dira.