Aurrekontuaren %39 azpiegiturak hobetzera bideratuko du Amezketako Udalak

Imanol Garcia Landa 2018ko urt. 18a, 10:39

Amezketako Udalak 1,34 milioi euroko aurrekontua izango du 2018an. Inbertsioek aurrekontuaren %39a hartuko dute eta lau helburu nagusitan banatu ditu udalak, besteak beste, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea.

Amezketako Udalak 2018. urtean 1.336.969 euroko aurrekontua izango du, eta horietatik, 522.000 euro, guztiaren %39a, azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko da. 2017ko aurrekontuarekin alderatuz, 2018koa %18,83 handiagoa da.

Aurtengo aurrekontua egiterako garaian, udalak lau helburu edo ildo nagusi hartu ditu kontuan. Lehenengoa, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea, eta horretarako otsailerako Larrunarri pilotalekuaren berrikuntza obrei amaiera emango zaie, 200.000 euro inguru inbertituz geratzen diren lanak ordaintzeko. Lan hauek amaitzean, jarraian Gaztelekuan ere esku hartzea izango da, eta horretarako 30.000 euro bideratuko ditu, argindarra hobetuz, berokuntza sistema eraginkorragoa jarriz, eta altzariak berrituz. Azkenik, kultur etxeko zerbitzuak zabaltzeko eta gimnasio bat jartzeko 60.000 euro bideratuko ditu udalak.

Bigarren helburua, Amezketako Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorraren prozesuarekin jarraitzea da eta behin aurrediagnostikoa eginda AHAPOren aitzinamendu edo aurrerapena idatziko da, herritarren partaidetza kontuan izanda, horretarako 30.000 euro bideratuz.

Aurrekontuaren hirugarren helburu edo ildo nagusia, baserri bideak hobetzen jarraitzea da, horretarako 60.000 euro inbertituz. Eta laugarrena eta azkena, jasangarritasunaren aldeko neurriekin jarraitzea da, hain zuzen, argiteri publiko eraginkorragoa jarriaz Amezketa eta Ugarte auzoko kaleetan, eta horretarako 55.000 euro edo 110.000 euro bideratuko dira, eskatutako diru laguntzen arabera.

Hirugarren adinari zuzendutakoa gastua «adierazgarria» izango dela dio udalak. Ohiko jarduera soziokulturaletarako 9.000 euro bideratuko ditu, eta 2018. urteari begira, udalak beste 30.000 euro aurreikusi ditu eguneko zentroa abian jartzeko. Kultur etxeko lehen solairuan azpiegitura prest dago zerbitzu hau emateko, baina orain arte ezin izan da martxan jarri hainbat arrazoiengatik , eta udalak ekimen desberdinak antolatu eta lehen pausoak emango ditu zerbitzua Amezketako adinekoei eskaintzeko.

BESTE UDAL ZERBITZUAK

Beste zenbait udal zerbitzu ere aipatu ditu udalak: helduentzako etxez etxeko laguntza zerbitzuak 28.000 euroko kostua du (iaz igoera izan zen, eta 2018an ere 3.000 euro gehiago, izan ere geroz eta heldu gehiago dira zerbitzuaren onuradun); Gaztelekua eta udako ludotekaren zerbitzuak 49.000 euroko kostua dute, iaz baino 7.000 euro gehiago, udalak gazteentzako begirale ikastaroa antolatu duelako; eta azkenik esan udalak kudeatzen dituela Eusko Jaurlaritzak larrialdian dauden familiei laguntza emateko 9.000 euro inguru.

Aurreko urteetan bezalaxe, udalak gogoratu nahi die herritarrei, zabor bilketari dagokionez, zerbitzuaren kostu osoa 53.000 euro ingurukoa dela, zaborren bilketa, kudeaketa eta tratamendua, eta udal langileen kostua barne. «Era berean, azpimarratu behar da, udal tasaz aparte, Gipuzkoako herrietan baxuenetakoa dena, hau da, 42 euro etxebizitzako, 100 eurotik gora izanik Gipuzkoako beste herri handietan, zaborra birziklatzeagatik udalak 21.000 euro berreskuratzen dituela», azaldu dute. «Azken datu honek adierazten du amezketarren kontzientziazioari esker gai honetan kudeaketa eraginkorra dela, alegia, zenbat eta gehiago birziklatu, zerbitzua are eta merkeagoa da. Hori amezketar guztion jarrerarengatik da orokorrean, nahiz eta puntualki oraindik ere, jarrera desegoki batzuk mantendu zaborrak ontzi desberdinetara jaurtitzeko garaian».

Bestalde, udalak gogora ekarri du amezketarrek Gipuzkoako Urak-i uraren ordainketa egiten diotenean udalak ordainagiriaren zati bat ordaintzen duela hobari gisa, beste herrietan ez bezalaxe, eta hobari horrek udal aurrekontuan 27.000 euroko kostua duela.

Aurrekontuaren sarrera eta gastuei dagokienez, diru sarreren arloan, %48 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik datoz, ia %32 udal zerga eta tasetatik, eta %20 inguru beste administrazio eta erakunde publikoek emandako diru laguntzetatik.

Gastuaren proportzioa, berriz, honakoa da: %39 inbertsioetarako, %24 pertsonalari dagokion atalean, %28 ondasun eta zerbitzuen atalean, %5 diru transferentzien atalean, hauen artean, Amezketako hainbat elkarteri edota Tolosaldea Garatzen, Tolosaldeko Mankomunitatea edo Tolomendiri, eta %2,9 maileguen amortizazio eta interesen atalean. «Azken datu baxu honetatik, inbertsiora bideratutako datuarekin batera, ondorioztatzen da Amezketako udal finantzak saneatuak daudela, zorra oso baxua baita», azaldu dute udaletik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!