Urte berriak frontoi berritua ekarriko die amezketarrei

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abe. 15a, 15:44
Denis Itxaso diputatuarekin IƱaki Amundarain alkatearekin izan da, agerraldian, Jokin Altuna pilotari amezketarra.

Larrunarri pilotalekuko eraberritzearen hitzarmena sinatu dute, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Amezketako Udalak; irisgarriagoa izango da, eta eserleku gehiago izango ditu.

1.000 biztanlera iristen ez den herria izanagatik, lau pilotaleku ditu Amezketak: Ugartekoa, eskolakoa, plazako frontoi irekia eta Larrunarri pilotaleku estalia. Izango ez da, bada, txapeldunen sehaska. 1989. urtean inauguratu zuten Larrunarri, eta beharren araberako konponketak egin izan dizkioten arren, urteak ziren, jada, udalak pilotalekua eraberritzeko beharra ikusi zuela. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza egitasmo batek eman dio aukera, Amezketari, herriko kirol ekipamendu nagusia garai eta behar berrietara egokitzeko, eta gaur bertan sinatu dute hitzarmen ofiziala.

Aldundiak 2016an aurkeztu zuen 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Plana, eta 10,6 milioi bideratuko dituzte ekipamenduen eraberritze eta birmoldatzeetara. Aukera ikusita, Amezketako Udalak Larrunarri pilotalekua eraberritzeko proiektua aurkeztu zuen, eta baiezkoa jaso zuten aldunditik. Horrela, zortzi astean frontoi berritua izango dute amezketarrek, pilotarako nahiz beste hainbat jardueratarako.

Hiru eraikuntza enpresak aurkeztu zuten eraberritzea egiteko proposamena, eta udalak In the North enpresaren proiektuari esleitu dio lizitazioa. Larrunarri eraberritzeak, guztira, 340.000 euro inguruko inbertsioa eskatuko du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 113.134 euroko ekarpena egingo du.

Denis Itxaso kultura eta kirol diputatuak azaldu duenez, aldundiak lehentasuna eman nahi izan die, planean, aurrez diru laguntzarik jaso ez duten udalei: "Herri txikiek zailtasun handiak izaten dituzte halako inbertsio handietara iristeko, eta oso garrantzitsua da beren politiketan kirol ekipamenduak martxan jartzeko prestutasuna izatea. Amezketako Udalak proposamen ausarta egin zigun".

Bere aldetik, Iñaki Amundarain Amezketako alkateak proiektuak herritarrentzako duen garrantzia nabarmendu nahi izan du: "Eraberritzearen kostua ikusita, udal txikiontzat oso zaila da horri guztiari aurre egitea. Horregatik, asko eskertzen ditugu horrelako diru laguntza planak. Amezketarrontzat eraberritze garrantzitsua izango da, herriko kirol ekipamendu garrantzitsuena baita". Bi ordezkari politikoekin batera, hitzarmenaren sinatzean izan da Jokin Altuna pilotari amezketarra ere, eta Larrunarri frontoiko hezetasuna eta hotza azpimarratu ditu agerraldian.

Eserleku gehiago eta epelagoak

Zenbait langile hasiak dira, jada, egungo harmailetako egurrak kentzen. Izan ere, eserlekuetara aldaketa nabarmenak ekarriko ditu obrak. Batetik, irisgarritasun baldintza guztiak betetzeko moduko harmailak ezarriko dituzte, mugikortasun urria duten pertsonei begira; halaber, gaur egungoak baino aulki erosoagoak jartzea aurreikusi dute. Aldaketa nabarmenena, ordea, eserleku kopuruari dagokiona izango da: obrak amaitutakoan, 344 pertsonarentzako eserlekuak izango dira pilotalekuan, goiko balkoian eserleku ilara berri bat ezarriko baitute. Guztira, 500 ikusle sartuko dira frontoian.

Pilotalekua eta arkupea banatzen dituzten pertsianak ere aldatu egingo dituzte; oso zaharkituta daude, eta jada ezin dira ireki eta itxi. Horrela, kristal luze batek pilotalekuaren barrualdea ikusgai utziko du; binilozko irudiekin apainduko dute kristala. Aldaketa horrek, berrikuntza estetikoaz gain, Larrunarri pilotalekuko hezetasun eta hotz arazoak konpontzeko bide emango du: korronte handiko lekua da gaur egun, eta zenbait partidu bertan behera utzi behar izan dituzte, hezetasunagatik.

Bide beretik, pilotalekua epeltzeko neurriak ere txertatu ditu, Amezketako Udalak, obra proiektuan. Horrela, hainbat pilotalekutan baliatu izan dute berogailu sistema izango du Amezketakoak ere: gas bidezko sistema bat da, Tolosako Zerkausiko sistema bera. Ez dute pilotalekua guztia berotzea lortuko, baina ikusleak epel eta kirolariak eroso sentitzeko moduko tenperatua lortzea dute helburu.

Kirol ekipamendua irisgarri egite aldera, igogailua ere izango du Larrunarri eraberrituak, goiko pisura igo ahal izateko. Era berean, komun berria jarriko dute goiko solairuan, modu horretan, Gaztelekuko erabiltzaileek ere eskuragarri izango baitute.

Kantxa ere galako jantziz izango da obrak amaitutakoan, izan ere, pintatu egingo dute, eta frontisean lona berria jarriko dute. Azkenik, argiteria, tximisten kontrako babesa, saneamendu orokorra, arotzeria nahiz baranda txukunduko dituzte.

Zortzi asteren buruan lanak amaitzea aurreikusi dute eta, horrenbestez, datorren otsaila amaierarako edo martxorako frontoi berrituaz gozatu ahal izango dute amezketarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!