Amestu Amezketa itzulketa saioarekin amaituko da

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 29a, 09:38
Amestu Amezketa parte hartze prozesuaren saioetako bat, kultur etxean.

Herritarren parte hartze prozesuaren lehen zatiari bukaera emango diote ostiraleko saioan, plan orokor berria diseinatzeko bidean.

Plan orokor berria osatzen ari dira Amezketan, eta horretarako martxan jarri duten Amestu Amezketa izeneko parte hartze prozesuari amaiera emango diote ostiral arratsaldean kultur etxean egingo den itzulketa saioarekin. Orain arte egindakoari begiratuz, parte hartze prozesuaren arduraduna den Ibon Salaberriak (BeSTe arkitektura agentzia bat) azaldu duenez, «pozik gaude, batez ere aurreko saioan osatu genituen mapetan material ezberdina eta anitza jaso dugulako».

Plan orokor honen diseinuaren berezitasuna nabarmendu du Salaberriak: «Alderdi teknikotik abiatu beharrean, lehenengo amezketarren ikuspegitik abiatu nahi genuen. Hau da, goazen ikustera amezketarrek zer diagnosi egiten duten eta hortik abiatuko gara lehen aurrerakin teknikoa egiteko. Eta, modu horretan, irudikatzen dugu eskutik joango dela herritarren nahia eta teknikoek garatuko duten plan orokorra».

Itzulketa saioa 18:00etan hasiko da eta bertan orain arte jasotako guztia partekatuko da. Horri zuzenketak eta ekarpenak emango zaizkio, gero hortik aurrera planaren idazketa abiatzeko.

Parte hartze prozesua abiatu aurretik, emakumeen arteko bilera bat egin zen. «Plan orokorra idazteko osatutako talde ezberdinek aurrediagnosi bat sortu zuten bakoitzak bere alorrean, eta sozioekonomia gaian agertzen zen nabari emakumearen presentzia eta protagonismoa Amezketan nahiko baxua izan dela», azaldu du Salaberriak, «eta emakumeen egoera zaurgarriena zela gizartean, beste herri askotan errepikatzen den moduan». Modu horretara aukera izan dute «emakumeen bilgune moduko bati aukera eman indartzeko, eta aurreko saioan gertatu zen moduan, denak batera kezkak eta proposamenak jasotzeko».

ZAZPI AMETS GIDARIAK

Adituen aurkezpenekin abiatu zuten prozesua eta arlo bakoitzetik Amezketari buruzko argazkia osatu zen. Herriaren eboluzio urbanistikoa, altxor naturalak eta egoera sozioekonomikoa izan zituzten hizpide, eta baita ere hausnarketa egin zuten tokiko garapena eta ekonomia dibertsifikazioari buruz, zein ekonomia eta turismoaren arteko loturen inguruan.

Aurkezpenen helburua ondoren marraztuko ziren zazpi amets gidariak elikatzea zen. «Herritik ibilaldi bat egin genuen, lehen kezkak bertatik bertara hitz egiteko», azaldu du Salaberriak. «Lan mahaietan bilduta hasi ginen pentsatzen zein ametsek egin diezaioketen marko bat plan orokorrari, hau da, nola irudikatzen dugun etorkizuneko Amezketa».

Lehenengo amets gidaria bizi proiektua da, hau da, «gazteei eta talentuari eutsi, adinduak zaindu eta emakumeak erdigunean izatea». Bigarrena izan da ekipamendu beharrak, bai kirolari eta baita eskolari ere lotuak. Hirugarren puntua da Aralar ondare moduan: «Aralar altxor bat da eta ikusi behar da ze ekarpen egin dezakeen». Laugarren amets gidaria ibaia da, eta hau biziberritzea da asmoa. «Horrekin batera, beste ametsa loturak dira: ibaiaren inguruko saneamenduak ekarriko du, esaterako, bidegorria egitearena». Seigarrenari etxebizitza kultura berri bat deitu diote. «Amezketa bezalako herri askok izango dute arazoa, ez bakarrik etxebizitzen oinordekotzari eustea, baizik inguruko baserri guztiena ere». Ekonomia da zazpigarren amets edo markoa.

Zazpi amets gidariak zehazteaz gain, beste bi gai nabarmendu ziren saio horretan. Batetik, Ergoiena auzoa herri eredu bezala hartzea bere izaera urbanoak duen berezitasunagatik. Bestalde, gogoan izatea gazteak direla etorkizuneko Amezketa eraikiko dutenak eta horiei lagundu beharko zaiela bide horretan.

Parte hartze prozesuaren azken bi saioetan amets gidari horiek herriaren mapa baten gainean kokatu zituzten, «guztion mapa» deiturikoa osatuz. «Saio horietan lehenengo detektatu ziren non dauden herriko altxorrak, non dauden mugak edo arazoak, eta Amezketako leku ezberdinen potentzialak», zehaztu du Salaberriak. Mapa erraldoi bat sortu zuten, bertan nolabait kezka guztiak irudikatuz. «Gero plan orokorrak horri erantzunak eman beharko dizkio», gaineratu du Salaberriak. Bestalde, zazpi amets gidari horiei ere astindu bat ematea pentsatu zuten, hau da, «oraindik ere birdefinitzea eta gauza batzuk kendu eta beste batzuk jartzea, moldatzen joatea».

Ostiraleko itzulketa saioan aurrekoan eskuz osatutako mapa hori garbiago eta zehatzago aurkeztuko dute, «edonork irakur dezan. Herritarrei eskatuko zaie esan dezatela erakutsitako informazioan agertzen ote den landutako guztia, zerbait falta den, eta azaldutakoa beraiena sentitzen duten».

Parte hartze prozesuaren lehen urratsaren amaiera izango da ostiraleko saioa, baina prozesua ez da hor amaitzen, Salaberriak azaldu duenez: «Gero fase teknikoago bat etorriko da, eta hirigintza taldeak aurrerakin bat idatzi behar du, baina aurrerakin horiek eta hortik sortzen diren alternatibak berriz ere parte hartzearen bitartez landuko dira».

Hain justu, herritarren parte hartze hori gauzatzeko talde eragilea sortzen saiatuko dira, Salaberriak esan duenez: «Herritarren profil anitzena izango duena osatu nahi dugu. Horrek izango luke aurrerantzean kontaktu zuzena talde teknikoarekin eta haien arteko informazio eta elkarrizketen bidez osatzen joan hemendik aurrera plan orokorra».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!